Eibar BHIko ikasleek Ahotsak-eko hainbat pasarte transkribatu dituzte

2022ko mar. 4a, 09:51

Eibar BHI institutuko zenbait ikaslek, Amaiur Aramaio irakaslearen gidaritzapean, Eibarko eta Bergarako hainbat pasarte transkribatu dituzte, euskalkiak lantzeko helburuarekin. Guztiak www.ahotsak.eus-en daude ikusgai.

2009tik hona Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat institututako ikasleen transkripzioak sareratu ditugu Ahotsak.eus webgunean. Euskara irakasgairako eta euskalkiak lantzeko lan osagarri modura egin izan dituzte normalean pasarteen transkripzioak. Oraingoan Eibar BHI institutuko Batxilergoko 2. mailako 18 ikasle izan dira proiektuan parte hartu dutenak. Amaiur Aramaio irakaslearen gidaritzapean, Eibarko eta Bergarako zenbait pasarte transkribatu dituzte eta guztiak sarean daude ikusgai.

Ikusi, adibiderako, Bergarako Arantzazu eta Blanca Narbaiza ahizpen pasarte honen transkripzioa:

Transkripzioa

- Umetako kantuzaletasuna eta antzerki eta…
- Blanca: Bai eta, gaiñera, gauza bat ahaztu jatzu, Aran, esatia, bueno, ba, bai tia Maritxu. Eta gero guk euki giñuan sekulako suertia: gure etxian askotan bisittan etortzen zan Don Nemesio Etxaniz, Pentsau, haura, jo! Orduan, haura zetorrenian, hango kantua, hango olerkixa berakin, bueno. Noizian behin zetorren, itxuria, ba, gure tien eta, bueno, ba, oso laguna, gerra denboretakua, enfin, kontu harek. Orduan, haura ere euki giñuan errefortzu bezela eta erreferente.
- Esplikaizu zein zan Nemesio Etxaniz.
- B.: Bueno, ba, guretako… aber, orduan, karo, gu umiak giñan, ta “Don Nemesio dator. Ba, ze ondo!”. Haura etortzen zan, kontuak esan, ji-ji, ja-ja…
- Arantzazu: Gero pianua geunkan etxian.
- B.: Pianua jotzen zoskun. Eta bueno. Eta gerora, gerora, juan giñan gero ya poliki-poliki ikasten zein zan Don Nemesio. Ostras! Guretako izan zan sekulako zera, ez? “Aiba! Zelako suertia euki dogun guk gizon hau, gizon jakintsu hau, ezautziakin eta etxian eukitziakin”.
- Nungua zan?
- B.: Azkoittikua? - A.: Azkoitti…
- B.: Azkoittikua. Eta gero, klaro, hasten za bere obria ikusten eta gero zenbat kantu… ba, guk kantatzen giñutzenak eta “aiba! hau Don Nemesiona” ta, ba kontxo! Ba, gure zatitxo bat balitz bezela, ezta?
- Klaro, don Nemesio, bera abadia, oso euskaltzalia eta oso musika zalia eta kantu zalia, ez?
- B.: Kantu zalia, bai.
- Itzuli eitten zitttuan, ez, kantu asko euskerara be bai eta…
- A.: Eta asmau!
- B.: Eta asmau! Eta, karo, haura egon zan itxuria Bergaran, Bergaran desterrauta edo, kastigauta, zigortuta egon zan Bergaran, orduan, ba, ez dakit gerra ostian-edo izango zan. Eta gure tio batzuk zeuken Zubittan, ba, dendia eta, orduan, denda haretan, gure tia Maritxuk itten zeban lan eta Don Nemesio eta beste batzuk joaten zian tertulixara hara. Eta, ba, harrezkero, bueno, gero ya haura dana, dendia, tio eta tia harek hil zien, no se qué, baiña segidu zeban Don Nemesiok kontaktuan ba gure familixiakin. Eta pues… hoixe.
- Orduan, haren kantuak-eta, familixatik jasotakuak be bai eta…
- B.: Bai, bai, sekulako…
- A.: “Astigarragako Tomasak, harek eman dizkigu azak, ai gure Tomasak…”, ya ez naiz akordatzen.
- B.: Eta ez dakit zer ta Txilibistro kontuak eta esto, eta… Eta “gora euskara…”, zela da? “… gora, gora, gora gure euskara…”. Eta, bueno, ba, harekin ibiltzen giñan kantuan, gauza normalena izango balitz bezela.

Egilea(k): Junior Sambu (Eibar BHI) , Nahia Teran (Eibar BHI) , Nora Urkiola (Eibar BHI)

 

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia