Koldo Artolaren "Ziorditik Uztarrozeraino" laneko grabazio historikoak sarean entzungai
2016ko uzt. 6a, 10:56
Urte asko egin ditu Koldo Artolak ahozko ondarea jasotzen, batez ere Nafarroan eta Iparraldean, euskararen mugetan. 2014an Aranzadi Elkarteak kaleratu zuen lan eskerga horren emaitza Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lanean. Artolarekin sinatu dugun hitzarmenari esker, lan horretan argitaratutako grabazioak Ahotsak.eus-en katalogatu ditugu.
Koldo Artola donostiarrak lan izugarria egin du ahozko ondarea jasotzen, 70eko hamarkadatik hona. Nafarroan eta Iparraldean ibili da bereziki, herri txikietan, azken euskaldunen bila. Herri askotako azken hiztunen lekukotasunak jaso ditu; erronkarierakoa, besteak beste. Eta lan etnolinguistikoarekin jarraitu du gerora ere, materiala lantzen. 2014an “Ziorditik Uztarrozeraino. Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena, 1983an” lan mardula argitaratu zuen, Aranzadi Elkartearen eskutik. Hiru liburukiz osatutako lan horretan Ziorditik Uztarrozera bitarteko herrietako euskararen ezaugarriak biltzeaz gain, etnotestuak ere aurki daitezke eta baita bertako lekukoei egindako elkarrizketak ere. Euskararen hegoaldeko mugetan egindako elkarrizketak, hain zuzen ere.
Artolak bildutako altxor hori bistaratu nahirik, Ziorditik Uztarrozeraino lanean kaleratutako audioak eta transkripzioak katalogatu eta sareratu ditugu Ahotsak.eus-en, izen bereko proiektuan. Eskerrak eman nahi dizkiogu Koldo Artolari egindako lanagatik eta lan hori gure webgunean txertatzen uzteagatik. Eskerrak bihotzez!
Artolak elkarrizketatu zuen, besteak beste, erronkarieraz mintzatzen zen azken euskalduna, Uztarrozeko Fidela Bernat (1898-1991):
Baina Ziorditik abiatu eta Uztarrozera iritsi baino lehen ere, euskararen mugetan, hainbat urrezko testigantza jaso zituen. Burundan, Altsasuko Francisco Gerrikorena, esate baterako:
Dorraon (Ergoiena) Juanita Lizarragarena:
Eta, ekialderago, Beorburuko (Txulapain) Esteban Garbisurena, Anozko (Ezkabarte) Celedonia Zenozena, Eskirozko (Esteribar) Domingo Bizkairena eta Arrietako (Artzibar) Saturnino Etxamendirena, beste askoren artean:
Hau lagin bat besterik ez da. Hemen duzue pasarte guztiak entzuteko aukera. Altxor bikaina, benetan!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.