Ahotsak-eko testigantzak Lekeitioko ikastetxeetan
2014ko mai. 19a, 13:09
"Gerra Zibila Lekeition" ikus-entzunezkoa prest dago, Lekeitioko ikastetxeetan erabiltzeko. Lekeitioko Udalak hezkuntzako proiektu pilotua jarri du abian, Lekeitioko Ahotsak proiektuan jasotako testigantzak ikasgelara eramateko.
Transmisioa etxeko sukaldetik ikasgelara eramatea. Herriko historia eta ohiturak ezagutaraztea. Ahotsak.com proiektuan Lekeitioko adinekoen hainbat eta hainbat testigantza jaso dira, eta horiek herriko gazteengana hurbiltzea da hezkuntzako proiektu pilotuaren helburua. Lehen probak egiteko moduan daude irakasleak, "Gerra Zibila Lekeition" bideoa prest dago eta. Zortzi minutu inguruko ikus-entzunezkoa da, herriko ikastetxeetan erabiltzeko egina.
Irailean Lekeitioko hainbat ikastetxetako ordezkariekin bildu ginen, eta Lekeition jasotako gai interesgarrienak zein ziren azaldu genien. Irakasleei Gerra Zibila gai aproposa iruditu zitzaien klasean lantzeko, DBHko ikasleekin batez ere. Eta horregatik prestatu dugu bideo hau:
Lekeitioko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2010. urtetik elkarlanean dihardugu, herriko ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko. Ekarrizketa mordoxka egin genituen herrian, bertako herritarren laguntzarekin. Ondoren, grabazioak lantzen ere ibili gara: grabatutakoa entzun, laburtu, gaika sailkatu, bideo pasarteak sarera igo... Une honetan Lekeitioko 405 audio eta bideo artxibo daude on-line, interesa duenaren eskura. Material guztia ez dago landuta oraindik. Hori bai, Udalak beste pauso bat eman, eta jasotakoa hezkuntzara bideratzen hasteko ordua dela erabaki du.
Lekeitio ez da hezkuntzan proiektu pilotua daukan herri bakarra. 2010. urtean hasi ginen Ahotsak-eko testigantzak ikasgelara eramaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Eibarren. Ondoren Arrasate batu zen egitasmora, eta aurten baita Lekeitio eta Tolosa ere. Eta beste herri batzuetan ere erakutsi dute interesa: Ordizia, Elgoibar, Gernika-Lumo, Bermeo... Hezkuntzako proiektuekin lotuta, webgunea ere sortu genuen: ikasgelan.ahotsak.com. Orain arte batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ibili gara; hona hemen egindako lana erakusten duen bideo bat:
Irudian, Eibarko Mogel ikastolako ikasleak, liburutegian ahotsak.com-eko testigantzak erabiltzeko prest.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.