Aita I. Mundu Gerrako desertore
Deskarga:
Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan HEN-001-003 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus
Aita 1914ko abuztuan deitu zuten I. Mundu Gerrako frontera joateko, Belgikara, hain zuzen. Urte eta erdi han pasa ondoren, baimenarekin itzuli zen etxera hamabost egunerako, Extefanaren ahizpa zarrena jaio zelako. Hamabost eguneko epea bukatutakoan gorputzak gerrara ez itzultzeko eskatzen zion eta desertatzea erabaki zuen. Hegoaldera pasatu zen, orduan. Bi urtez egon zen familia bereizita, aita morroi, hegoaldean, izeba baten etxean, eta ama eta Extefanaren ahizpa, amaren etxean. Amak eta aitak igandero ikusten zuten elkar, ordea, Pausun (Behobian), bidasoaren alde banatara hurbilduz. Gerra luzatzen ari zela ikusirik, Extefanaren amak, haur txikia altzoan pasatu zuen muga, Urruñatik Berara.
- Proiektua: Euskal Herriko Ahotsak
- Elkarrizketatzailea(k): Xan Aire
- Data: 2009(e)ko azaroaren 09a
- Iraupena: 0:02:25
- Erref: HEN-001/003
- Kodifikatzailea: Miren Artetxe
- Gaia(k):
Transkripzioa
Aita Hiribarren eta ama Ugalde, Ugalde Arretxe, eta biek zubernuarrak eta hendaiarrak zien. Beraz, hortako aita ere gerlat deitu zuten laster 14eko gerlat. Agostuen lehenian edo biyan hasi gerla eta gero ondotik... deitu zuten gerlat gateko lehen lineat Belgikako fronterat. Eta gero, urte bat urte bat t´erdi han pasatu, hango malurak edo desastriak ikusi, eta etorri zen permisionez nere ahizpa zaharrena sortu baitzen hura gerlan zelarik eta hortako permisionea izan zuen. Eta, beraz, pasa zituen 15 bat egun hemen. Eta gero, ez zen /etzen/… bere barniak ez zion /etzion/ agintzen harat, buxeria hartaat, gatia eta pasatu zuen...menditik pentsatzen dut —ez zakien /etzakien/ igerika aitak— eta menditik bere aita xaharrak pasatu zuen. Eta, beraz, han egotu zen. Han egotu zen bi urte, bi urte ama hemen, bere etxeat bildu zen hura Fagadiat bere nexkakin. Eta aita atxeman zuen laborari etxe batian ttantta zuen […], bere aitan aldetik ttantta zuen, eta han lana egiten zuen. Eta, beraz, han aritu zen lanian. Eta bi urten buruan, ikusiz gerla ez zela /etzela/ finitzen, amari galdetu zion ian ez zen /etzen/ pasatuko harat bere nexkakin eta ama bo... Baina bitartian ikusten zuten elkar igande guziz Bidasoan, hemen Behobi, Pausu, Bidasoan, aita hegoaldian eta ama iparraldian. Ikusten zuten, hitz batzuek egiten ziuzten eta, beraz, gero, amak deliberatu zue —nahi zuten elkarrekin bizi, eta amak deliberatu zuen— bere nexka 2 urte t'erdikua altzuan pasatu zituen Urruñako mendiyak Berarat eta aita etorri zen hara bilat eta, beraz, hasi zuten biziya han elkarrekin. Aitak atxemana zuen kanpain zahar batian, etxe zahar batian, eta bazituen 4 behi edo 5 behi hola atxikitzeko manera eta gero lantegi bat ere ba' eta Altza eta Pasaiako mugan, Iparragirre etxean. Eta beraz, han sortua naiz.
Egilea(k): Eneritz Ceballos
Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?
Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!