Imozkoa (Hizkera)

Deskribapena

Hiru eremu bereiz daitezke Imotzen. Ertz batean dago Muskitz, Atetzi eta Ultzamari begira dagoena; beste ertzean dago Goldaratz, Basaburu Nagusiarekin eta Larraunekin loturik; eta tartean daude Imozko gainerako herriak, Goldaratz-Basaburua-Larraun aldeko berrikuntza fonologikorik ezagutu ez dutenak baina Muskitz-Atetz-Ultzama alderdiko ezaugarrietatik bereiz samar. Esan beharra dago ez dagoela ezberdintasun handirik Imozko eta Basaburu Nagusiko hizkeren artean, fonologian ez bada. Aldea nabariagoa da Larraun aldera.

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
  2. Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da. 
  3. Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

  1. Erdal hitz amaieretako -on mantendu da Sortaldeko azpieuskalkian, euskara nafarrean bezala: kamiona. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, -on>-oi egin da.
  2. Euskara nafarraren bereizgarri diren bokal galtzeen aztarnak (aferesi eta sinkopak) daude eremu honetan: ekarri → karri ; egunetan→ eguntan
  3. i → e eta, batez ere, u → o bilakatzeko joera dago Nafarroako mendebaleko hizkeretan: kanpotik → kanpotek ; gelditu → gelditto ; duzu → dozo.
  4. e- batez hasten diren hitz batzuetan, lehen silabako kontsonantea galdu ondoren, e + bokala → y bilakatzen da Larraungo, Imozko eta Basaburuako hizkera batzuetan: edan → yan ; edozein → yozin.
  5. Instrumentalaren atzizkian -s ebakera nafarra dago erdialdeko euskalki barruko Nafarroako hizkera batzuetan: oiñes, erdas...

Hizkeraren ezaugarriak (Imozkoa)

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

 Izenaren morfologia

  1. Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
  2. Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...

Aditzaren morfologia

  1. *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
  2. Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
  3. Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak. 
  4. Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
  5. Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
  6. -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

  1. Ablatibo pluraleko eta mugagabeko -ta(r)ik morfema.
  2. Izan-en 3. pertsona singularrean *a + e → e egin da, Ipar Euskal Herrian eta euskara nafarrean bezala: zen. Eta ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa gehienean egin den *a + e a (zan).
  3. *edun-en orainaldian -u- da erroa, Gipuzkoako sartaldean eta erdigunean ez bezala (hauetan -e-: det): dut. 
  4. Izan-en orainaldian -a- da erroa pluraleko adizkietan, Gipuzkoako sartaldean eta erdigunean ez bezala (hauetan -e-: gea): gara.
  5. Ez dira erabiltzen "joan" aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak Sortaldeko hizkera gehienetan: die 'doa', zien 'zihoan (Areson eta Leitzan); nii / naie 'noa' (Goldaratz / Imotz). Salbuespena da Bidasoa ingurua: dijuazte 'doaz', zijuan 'zihoan' (Hondarribia-Irun). 
  6. Adizkien bigarren pertsona singularrean y- ezaugarri nafarra dago eremu honetako hizkera gehienetan: haiz → yaz
  7. Aditz iragankorren hirugarren pertsona pluralean, -te aldaera dago eremu honetako hizkera batzuetan (vs -e): diotet 'diet', sayote 'zaie'... Bigarren pertsona pluralean ere garatu da -te aldaera hori: dusute 'duzue', nasute 'nauzue'...
  8. Nor-nori-nork saileko pluralgilea -it- nafarra da eremu honetako hizkera batzuetan: ttiót 'dizkiot', nittizun 'nizkizun'...
  9. Geroaldian -en (> -in / -an) atzizkia dago erdialdeko euskalki barruko Nafarroako hizkera batzuetan (vs -go): emanen → emaan. Dena dela, joan den asapaldian atzeraka ari da, eta -ko ere sarri entzuten da Nafarroako mendebal osoan.
  10. *edun eta eduki ez dira zeharo nahastu, eta sarri erabiltzen dira *edun-en adizkiak. Mendebaleko euskalkian eta Gipuzkoako eremu zabalean, ostera, eduki da ia erabat erabiltzen dena.
  11. -ki aditz atzizkia erabiltzen da alderdi honetako hizkera batzuetan: ibilki, eoki...
  12. "Ibili" aditzaren trinkoei bukaeran bokal bat eransten zaie zenbait hizkeratan, Nafarroan moduan: naalle 'nabil'.
  13. Nafarroako hizkeretan ohikoa den "heldu + izan" egitura erabiltzen da zenbait hizkeratan.
  14. Nafarroako hizkeretan ohikoa den "ezin+ aditz nagusia+aditz laguntzailea" egitura ere erabiltzen da.
  15. "Partizipioa + a" egiturak erdialdeko beste zenbait hizkeratan baino maiztasun handiagoa du. "Partizpioa + ta" egitura ere erabiltzen da, -nta aldaera neutralizatu gabearekin: eginta / inta 'eginda' ; emanta 'emanda'.
  16. Mendebaleko euskaran eta erdialdekoan bezala, ohikoa da "egin"erabiltzea aurreko aditzaren indargarri gisa: itsutu in tzen gerran.

Hizkeraren ezaugarriak (Imozkoa)

  1. honata, harata gisako erakusle adlatiboak erabiltzen dira.
  2. Erdialdeko euskararen ezaugarritzat jotzen den "zein" galdetzailea beharrean, "nor" galdetzailea erabiltzen da Imotzen eta Basaburu Nagusi gehienean.
  3. Aditzondoak errepikatuta erabiltzen dira indartu nahi direnean. Erdialdeko euskaran ez bezala, Imotzen eta Basaburu Nagusian absolutiboan deklinatzen dira: juxto-juxtoa akordatzen naiz.
  4. Nafarroako erdiguneko ezaugarritzat hartu izan den -kan modu-atzizkia erabiltzen da Imotzen, Basaburu Nagusian eta Larraunen -ka aldaerarekin batera: txintxilekan 'zintzilik(an)', zalapartakan 'zalapartaka(n)'...
  5. "-ren bat" egitura "-on bat" bihurtu da Imotzen, Basaburu Nagusian eta Larraunen (Basaburu Txikian eta Leitzan ere ez da ezezaguna).
  6. Bigarren pertsona NORK eta NORI pluraleko adizkietan -zte morfema erabiltzen da: duzte 'duzue' , zaizte 'zaizue'...
  7. Nafarroako beste hizkera batzuetan bezala, Imotzen ere -i- ageri da "eduki" aditzaren forma trinkoetan: daukit 'daukat', ziñaukiten 'zeneukaten'...
  8. Hirugarren pertsona pluraleko datiboaren morfema eratzeko, singularreko formari -te morfema gehitzen zaio Imotzen: zaiote 'zaie', diotet 'diet'...

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

  1. Erdialdeko euskalkiko gainontzeko hizkeretan ez bezala, galderetako al partikula ez da hain erabilia.
  2. Mendebalean eta Gipuzkoako sartaldean arrotza den bait- aurrizkia erabiltzen da kausa perpausetan, eta baita erlatibozkoetan ere.
  3. Denbora eta modu perpausetan, -(e)la ez ezik, -(e)larik(an) aldaera ere bada.
  4. Aukeran dira -koz / -kotz, -(e)lakoz / -(e)lakotz aldaerak: galdeek eoten ez giñelakoz.
  5. Adberbioak eta predikatuak absolutibo singularrean erabiltzea ez da arrotza. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, mugagabean edo partitiboan erabili ohi da: juxto-juxtoa bizeik geldittu zen.
  6. Destinatiboko eta prolatiboko -tako morfema. 
  7. "Uste izan" aditzaren edo "ustez" adizlagunaren osagarria eratzeko -en menderagailua erabil daiteke: estut uste itxiak iñak diren.

Hizkeraren ezaugarriak (Imozkoa)

  • "Utzi", "ausartu", "eman" eta halako aditzek -t(z)ea nominalizazioa absolutiboan eskatzen dutela dirudi Imotzen eta Basaburu Nagusian: nausik ematen tzioten bazkaltzea.
  • "Nola zaio (izena)" gisako egiturak erabiltzen dira Goldaratz ez beste herrietan (Goldaratzen: "Nola du izena?" gisakoak): nola zaio orrei? 'nola zaio horri?' ; eztakit nola zitzaion kajon arrei 'ez dakit nola zaitzaion kaxoi hari'...

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...

Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

Aldaerak: hitz hasieran g- duten gua 'hoa', guai(n) 'orain', guartu 'ohartu' eta guatze 'ohatze' aldaera nafarrak. Beste aldaera batzuk: altzur / ailtzur 'aitzur', apez 'apaiz', atzendu 'ahaztu', beldur (vs bildur), biño / miño 'baina / baino', bulkatu 'bultzatu', eke 'ke', elkar (vs alkar), esene 'esne', gutti (vs gutxi), guzi (eta guzti), iguzki tankerakoak 'eguzki', iñurri (vs txindurri, txingurri), matel 'masail', nigar (vs negar), obi 'ogi', ttiki (vs txiki), ukittu (vs ikutu). 

Lexikoa: aieka 'alderdi', alor (vs soro), arotz 'errementaria', arrunt eta hagitz 'oso', aski 'nahikoa', atorra 'alkandora', azienda 'etxeko abereak', azkar 'indartsua', banabar 'indaba', barne 'barru', deus 'ezer', ebatsi 'ostu', esperatu 'itxaron', euntze / pentze 'belardia', ezkila 'kanpaia', gauenara 'saguzaharra', goitti eta beitti 'gora / behera', heldu da 'dator' adierarekin, hiruetanogei eta lauetanogei 'hirurogei / laurogei', iratze (vs garo), jainkoanpaxa 'ortzadarra', karrika 'kalea', kisu 'karea', kontentu 'pozik', kukuso 'arkakuso', lastaila 'urria', listu 'tua', (g)oatze 'ohea', oihan 'basoa', ongi eta hobeki (vs ondo / hobeto), paratu eta jarri 'jarri', pizar 'apur', solastu / jolastu / mintzatu 'hitz egin', tenore 'garaia', zakar 'itsusia', zoritu 'heldu', zurgin 'arotza'.

Hizkeraren ezaugarriak (Imozkoa)

  • Aldaerak: arrazore 'arrazoia', arratore 'arratoia' gisakoak.

Gehiago »»

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia