Goierrikoa (Hizkera)
Aurkibidea
Deskribapena
Urolaldeko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Goierrikoak, baina Urolaldekoan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Nortasun beteko hizkera da Goierrikoa, batasun handikoa, nahiz eta gorabeherak badiren mendebaletik ekialdera, hau da, Segura, Zegama eta Legazpitik Zaldibia edo Legorretara. Ataungoa ere berezia da, ziurrenik, bakarti samar eta Nafarroako mugan dagoelako. Abaltzisketak eta Ikaztegietak Tolosaldearekin lotura egiten dute, eta Urretxuk eta Zumarragak, berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa.
Mapa
Fonetika
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)
- *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
- Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da.
- Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))
- -a bokalez amaitzen diren hitzak artikuluarekin batzean, -a + a → -ea (> -ia, -ie) egitea: patata + a → patatea / patatia / patatie
Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)
- Bokal luzeak gorde dira.
- Mugatzailearen asimilazioa: etxen, burun...
Morfologia
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)
Izenaren morfologia
- Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
- Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...
Aditzaren morfologia
- *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
- Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
- Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak.
- Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
- Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
- -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))
- -rik atzizkia etxerik etxe tankerako esapideetan.
- *egin erroa erabiltzen da ahaleran: daiket 'dezaket'
- Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da eta, gainera, mendebaleko euskalkian baino indar handiagoa dauka. Euskalki horretan ez bezala, mailegu zaharretan eta euskal aditzetan ere erabiltzen da: aukerau, barkau, ingurau...
- Irten aditza iragankorra zein iragangaitza izan daiteke: erten degu. Urolaldean jardun erabiltzen da eta hori ere iragankorra da: jardun degu.
Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)
- Urolaldean ez bezala, gaztelaniako -idu partizipioak ez dira -iu egiten.
- Nondik kasuko -ti eta -tik, eta zergatik kasuko -gati eta -gatik atzizkiez gain, -tio eta -gatio formak erabiltzen dira.
- Nor-nori eta nor-nori-nork saileko adizkiek batzutan ez dute komunztadurarik egiten objektu pluralarekin: hasi zaio umei hortzak atatzen.
- Edun aditzaren nor-nork saileko adizkietan do 'du', zon 'zuen' eta non 'nuen' agertzen dira.
- Egon aditzaren adizki trinkoetan zare 'zaude', gare 'gaude', zarete 'zaudete', zenden/zeren 'zeuden' tankerako adizkiak erabiltzen dira.
Sintaxia
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)
- Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))
- Perpaus osagarrietako -(e)na atzizkia: nik antzeman nion hilko zana. Ezaugarri hau ahulduz doala dirudi eta gazteen artean gero eta gutxiago erabiltzen da.
- Galdera perpausetako ala juntagailua: gaztiñea ugarie izango zan, ala?
- Partizipioa + ta nagusitzen da. Baina Goierrin -rik eta -a ere erabiltzen dira.
- Esaldi kontzesiboetan -arren ere bada aukeran Gipuzkoako ipar-mendebalean (gaur egun atzeraka doa): asko saxau arren, atzena allau zan.
Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)
- Goierriko mendebalean, -endako atizkia erabiltzen da destinatiboan: gorputzendako, zeiñendako...
Lexikoa
Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)
Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...
Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.
Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))
Lexikoa: abade 'apaiza', albo 'aldamen', astun 'pisu', baba / indaba (vs babarruna), baserritar 'nekazaria', domeka 'igandea', igarri 'nabaritu', irten/erten 'atera', izara 'maindire', lain 'beste, adina', lapiko 'eltze' (eta itsulapiko 'eltzeitsu'), papar 'bularralde', praka 'galtza', sarri 'maiz' adierarekin, txermen 'udare, madari', ume 'haur', zapatu 'larunbata', zatar 'itsusi', zil 'zilbor', zuztar 'erroa'...
Mendebaleko aldaerak ere badira hizkera batzuetan: alkondara 'alkandora', ete 'ote', gaztai 'gazta', keiza/keixa 'gerezi', okotz 'kokots', narru 'larru', txixa 'pixa'...
Hizkeraren ezaugarriak (Goierrikoa)
Lexikoa: indaba 'babarrun', orri 'hosto', pits 'apar' sobrare 'antza denez', zesuma...
Aldaerak: beiz 'berriz', ebai 'ebaki', ebi 'euri', elbi 'euli', erabai 'erabaki', kipula 'tipula', urduun 'orduan'...
Euskalkien liburutegia
Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea
Ataungo euskara
Joxe Migel Azurmendi Albizu
Atzoko Zegama (berrarg.)
Xabier Azurmendi Agirre
Beasaindio, Beasaingo esamoldeak
Beasaingo Udala
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.