Etxalar (Nafarroa)

Ogi garraio

Deskarga:

Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan ETL-021-018 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus

« Aurrekoa Hurrengoa »

Transkripzioa

Ogi garraio... ez naiz oroitzen seguru, nik, hamabost bat urte edo horrela nituelarik izanen zen, hamabortz-hamasei bat urte... Hor urte pare bat edo bizpahiru ibili ginen, Frantziarat ogi eske joaten ginen, hemendik. Ekartzen genituen... bost lagun izaten ginen denetara, joaten ginenak gure grupoan, baina ez ginen denak batean joaten; gu bertze nire lagun bat, nire urte berekoa eta... bertze bat, hiru, gu hirurak bai, beti elkarrekin. Eta egun batean ekartzen nituen nik zazpi ogi, bina kilokoak izaten ziren, eta hemen ez baitzen ogirik, ez zuten ematen orduan, ogia kentzen zuten, eta, ogirik gabetanik eta artoak akabatzen zitzaizkigun sanferminetarako, eta zerbait ere jan behar zen, eta orduan ematen zuten San Ferminak edo Santiagoko tarte horretan ematen zuten ogi razionea. Eta ogi razione hura ere gutxi zen, artoa dena akabatua, eta orduan hasi ginen ogia ekartzen Frantziatik. Eta, klaro! egunean... eguneko ekartzen nuen ogi bat bi kilokoa, eta bua! orduan ja hasi ginen. Oroitzen naiz eramaten genuen txokolate… bizpahiru pastilla eta han ogi fresko-freskoa hartu eta lehenbiziko zanpada bat egiten nuen han eta zazpiak ez ziren etxera ailegatzen. Eta aldi batean kendu ziguten mugara ailegatzean soldaduek; alto bota ziguten eta gelditu ginen, eta ea nora joaki ginen, ogi eske joaki ginela, eta orduan ginen bi, eta hirugarrena bera bakarkaz joaki zen, eta, gu bioi... eta ha! nik...
- Zenbat ekartzen duzu zuk?
Eta:
- Nik bida! –gezurra erran nion-.
Eta bertzeak:
- Nik bat! –eta hark ekartzen zituen zortzi, eta nik zazpi-.
Eta:
- A, bueno, bueno! Ongi da! Zoazte, baina txaketak utz itzazue hemen, bertzela ez baitzarete hemendik etorriko eta gero eman behar duzu, ogiak... erdiak eman behar dituzue hemen guri!
Zeren haiek gose... guk gosea eta haiek ere gosea zuten, eta, hantxe txaketak eske joan behar baikenuen! Eta bertze hirugarren lagunari kargatu genizkion bertze ogiak, klaro, bertze lekutik joan zen! Eta gu… pasatu ginen... pues, ni bi ogirekin eta bietatik bat kendu zidaten, eta bertzea batekin, eta hari erdia, eta hark zazpi bidali zituen bertzearekin, eta nik, berriz, bidali nituen bortz bertzearekin. Eta gero elkar harrapatu genuen, eta, klaro, bi ogi... ni ogi bat gutxiagorekin etxera, ogi bat gutxiagorekin etxera.
Eta bertze aldian berriz ere suertatu zitzaigun, hura oraindik arraroagoa. Ja ari ginen etxera hurbiltzen, eta denbora txarra zen, egiten zuen kazkabarra eta... a... ilargia ere bazen, baina kazkabarra denboran tarteka klaroak eta bertzetan kazkabarra, eta bueno, batean zutik, bertzean eroriak... ogi guztiak papurturik genituen. Eta botatzen digute altoa, eta, gelditu; eta bagenuen berrogeita hamar metroko distantzia edo horrela eta guk pentsatzen genuen guardia zibilak izanen zirela, baina ez ziren hala izanen! Haiek ez ziren gureganat heldu eta gu ez ginen haiengana joaten, gu geldirik eta haiek geldirik; gauza bat arraroa. Eta bazen bidegurutzea eta haiek gu ezagutzen gintuzten... gero jakin genuen nor ziren. Eta, egin ziren, haiek hartu zuten beheko bidea, eta guk genuen gainekoa hartu beharra, eta, hiru lagun horietatik baten baserrian pasatu behar genuen, eta gu, bertze nire lagun hori, etxeraino etortzen nintzen (sic) lagun hori eta biok, guk (sic) eskapatuko ginenak hark geldiarazi gintuen, eta bertze tipo horiek pentsatu zuten, ziren soldadu bat eta paisano bat, ogia kendu nahi zigutenak, eta gu gelditzea hartan pues, fa! ez ziren etortzen ahal! Baina pentsatu zuten gero gu biak geldituko ginela baserri hura pasatuta, bertze baserriko atean, eta nik ogiak gorde nahi nituen han, baina bertzeari beldurra eman zion:
- Ez dut utziko… hemen ogia gordetzera, zergatik etxean behatzen bazidatek, harrapatuko zidatek!
Eta:
- Baina hemen meta azpian gordeko ditiagu atean.
Eta:
- Ez!
Eta bertzeak:
- Mekaguen tal, goazen! Goazen, Jabier, joan behar diagu! E, puñeta!
Eta:
- Bai, begira ezak, e! Gaur galduko ditiagu ogiak, e! Ikusiko duk! hau arraroa duk!
Eta efetibamente, handik lehenbiziko zokora ailegatu ginelarik, altorik eta deus ere bota gabe... gabetanik, tiroka hasi zitzaizkigun. Tiroka, eta tipiti-tapa! tiroka. Eta, jobar! Ni lasterka eta nik ogia bota, eta, ni ez bainaiz egundaino kontrabandista izan, eta bertzea bai, bertzea kontrabandista zen, trozo handia segitu zuen bere ogia bizkarrean, baina bertzeak heldu baitzitzaizkigun ondotik! Eta nik hari nion distantzia polita kentzen hutsik! Eta hark ere hondarrean bota zuen, eta joan ginen, buelta eman eta hark bota zuenean utzi gintuzten. Eta bertzea leku bati buelta eman, eta nire lagun horren etxetik pasatzean, biak sartu ginen haren etxean. Eta, oraindik etxean sartu eta erran zioten, arratsean hamabi eta erdiak ordu batak aldera horrela izanen zen, eta:
- Mutikoa, mutikoa, zer? Ogiak galdu dituzue zuek? Ilupak, más que ilupak!
Eta mutikoaren... mutilen amak ere:
- Orain zer jan behar diagu astean?!
Errietan pispildu zuten! Eta handik atera eta ni bakarrik etxera, heldu naiz etxera eta ama ohatzera joan gabe, nire esperoan, eta amak:
- Non dituk ogiak, Jabier?
Eta:
- Ogiak, ama, galdu ditugu, horrela eta horrela, eta…
Eta ni penatua, eta ama hasi zen negarrez, ia neroni ere ia negarra eskapatzen zait, ama hasi zen negarrez urrikituta.
- Ogi pixka bat jateko horrela ibili behar!
Eta beti oroitzen naiz gure amaren eskuez, zer bihotz ona zuen hark. Errieta? Bai, zera! ez zen errietarik, ez!
Eta horietatik baditugu pasatuak; horrela, meharrenak horiek.

Egilea(k):

Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?

Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia