Gerra aurreko Eibar, herri guztiz euskalduna
Eibarko kultur ondarea
Deskarga:
Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan AB-083-004 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus
Primo de Riveraren diktadura. Gerra aurreko Eibar, herri erabat euskalduna; horren inguruko aipamenak. Doktrina euskaraz ikasten zuten. Euskararen, euskalkien inguruko aipamenak. On Juan Ibargutxi abadea.
- Proiektua: Egoibarra - Eibartarren Ahotan
- Elkarrizketatzailea(k): Euskadi Irratia
- Data: 1998(e)ko urtarrilaren 01a
- Iraupena: 0:03:23
- Erref: AB-083/004
- Gaia(k): Ohiturak eta bizimodua » Erlijioa » Elizarekin lotutako pertsonak , Familia eta harremanak » Herriko giroa » Herriaren nortasuna , Ohiturak eta bizimodua » Hezkuntza » Doktrina , Euskara » Euskararen egoera
Jatorrizko proiektua
Grabazio honen materiala ondorengo proiektuaren baitan jaso eta landu zen. Bertan aurkituko duzu jatorrizko materiala eta informazioa: Eibarko udalaren materiala - Eibartarren Ahotan - Egoibarra
Transkripzioa
– Bueno. Primo de Rivera. Baina Primo de Riveraren diktadurak izan zuen eragin oso inportante bat: euskara debekaturik geratu zen.
– Bai, ta horrek piztu, nunbait, egin zuan.
– Piztu...
– E? Euskeraren zera, euskalzaletasuna...
– Eibarren hori ez zen asko igerriko kalean. Eibar oso-oso euskalduna izan da.
– Bai. Berez zen euskalduna. Eibar, zalantzarik gabe, 1936. urtian, Euskal Herriko hiri nagusiena zen… Hau da, hiri nagusietan euskera hutsa egiten zen bakarra izango zen. Ez zegoan hainbeste biztanle zituan herri bat... E? 15.000 biztanle eta 15.000ak euskaldunak.
– Eta kanpotik etorritakoak eta denak.
– Bai, bai, bai, bai! Kanpotik etortzen zenak ez zeukan beste erremediorik ikasi baiño! Lehenago edo geruago! Eta batzuk nik ezagutu ditut, nik zaharrak ezagutu ditut Eibarren, ba, erdera ahaztu ere bai eta erdera gaizki egiten zutenak: hainbeste euskera beti egiten, beti egiten, ba, erdera moteldu. Gurekin mendian ibileretan, bueno, bat `Camarro´ deitzen geniona zan, Molinero zeukan deitura. Baiña `Camarro´. Harek erderaz desastria egiten zuan eta Guadalajaratik etorria zen. Baiña Eibarren beti euskeraz, euskeraz, euskeraz, ba…
– Bestea atzendu?
– … euskeraz normal egiten zuan, baiña erderaz…
– Beraz, horrek esan nahi du ikasketa guztiak gaztelerakoak zirela normalean.
– Bai, bai. Nik... doktrinan ibili nintzen gerra aurrian, ba, euskeran. Doktrinan ibili nintzen gerra aurrian, doktrinan euskera. Baiña euskera hain garbia eta hain zera, ba, nik ez nuan ulertzen eta ez nuan nahi. Eta erderaz nekienez, ba, esaten nien: “Nik erderazkua nahi dut”. Eta: “Ez”. Behartzen ginduen, apezak behartzen giñuzen euskerara.
– Euskarara. Orduan justu izango zen zerarena, Manuel Lekuonaren…
– Han Jangoikozale taldekoak zeuden batzuk eta hori: gaztien doktrinan arduraduna zena zan Don Juan Ibargutxi. Oso ezaguna euskal idazle bezala.
– Bai, bai, bai. Eta…
– Gero lagun handiak egin giñan. Gero ni, gero… Bera exilioan egon zen Inglaterran. Etorri eta gero oso lagunak.
– Baina, diot, Gasteizko seminarioan Lekuonak-eta prestatu zuten doktrina…
– Bai, batez ere hoiek egi zuten: Barandiaran eta zera eta… Baiña doktrina hori guri bizkaieraz erakutsi ziguten. Eta erakutsi ziguten bizkaiera guregandik urrutiko samarrekoa zen. Ez zuten hartu… Bizkaiera… Zein da… Gipuzkuak izan du halako batasun bat, nolabaitekoa. Bizkaierak ez du hori izan. Bizkaian, esan, bai, egin dute: Markiñaldekua onena, Markiñaldekua. Baiña gero doktrinak-eta egiterakoan, ba, nahastatzen zuten eta igual Arratia aldekua erabiltzen zen han garaian. Eta guretzat urrutiago zena. Eta Markiñaldekua erakutsi balute, ba, gurea bezalakua da.
– Ez zen arazorik izango.
– Ez genduan arazorik izango.
Egilea(k): Eukene Lamariano , Oier Narbaiza
Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?
Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!