Rufino Arrola eta `Fasio´ trikitilari bizkaitarren lekukotasunak sarean

2020ko urt. 24a, 10:15

Bizkaiko trikitiaren historian garrantzia handia izan duten bi soinulariren testigantzak sarean daude ikusgai: Rufino Arrola `Andrakako errementaria´renak eta Bonifazio Arandia `Fasio´renak. IRALEko irakasle eta ikasleek jaso zuten haien lekukotasuna laurogeigarren hamarkadan.

1983tik 1993ra bitartean, mendebaldeko euskara zerabilten hainbat hiztunen ahozko lekukotasunak bildu zituzten IRALEko irakasle eta ikasleek; horietako asko bideoz, gainera. Bizkaiera Bilduma proiektuaren barruan aurki daitezke momentuz katalogatu ditugun grabazioak: 141 zinta guztira. Pixkanaka zinta horiek lantzen ari gara eta aste honetan Bizkaiko trikitiaren historian garrantzitsuak izan diren bi soinulariren lekukotasunak sareratu ditugu: Rufino Arrolarenak eta `Fasio´renak.

1909an jaio ziren, bai Rufino eta baita `Fasio´ ere eta oso gazterik hasi ziren biak soinua jotzen. Rufinok 14 urterekin izan zuen bere lehenengo plaza Lezaman:

`Fasio´k ere adin inguru horretan ekin zion Lemoan iganderoko zitari. Plaza batzuk egin zituen, baina, oso urduria zenez, txarto pasatzen zuen eta utzi egin zuen. Gerora hasi zen berriz.

Rufinok ere soinua albo batera laga zuen 18 urterekin, errementari lanean hasi zenean. 40 urte pasa eta gero ekin zion berriz, gogotsu.

Rufinok trikitia Bizkaitik Gipuzkoara joan zela azaldu zien IRALEko kideei. Gerra sasoian Bizkaian ez omen zuen jarraipenik izan eta Gipuzkoan bai. Hori izan zen Gipuzkoan trikitilariak ugaritu eta Bizkaian gutxitzeko arrazoia.

Rufinoren antzera, `Fasio´k ere Bizkaiko eta Gipuzkoako trikitilarien jotzeko moldea desberdina zela zioen. Esaterako, Bizkaian ez zen fandangorik ezagutzen garai batean:

Biak ados egon ziren trikitiak Bizkaian bazuela etorkizuna esaterakoan eta ez ziren oker ibili.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia