Matxitxakoko itsas gudariak gogoratu dituzte, 83. urteurrenean

2020ko mar. 5a, 10:22

Duela 83 urte, 1937ko martxoaren 5ean, Canarias ontzi frankistak Euzkadiko gobernuko Bou Nabarra gerra-ontzia urperatu eta suntsitu zuen. 34 lagun hil eta 20 irten ziren bizirik. Guztiak gogoan izan zituzten ostiralean, Itsas Gudarien Egunean.

Kantauri itsasoko borroka garrantzitsuena izan zen Matxitxako parean 1937an gertatutakoa. Martxoaren 3an, Francoren gerra-ontzi indartsuenak, Canarias ontziak, Galiziako Ferrol herriko portutik euskal kostalderanzko bidea hartu zuen. Errepublikako merkatari-ontzi batek Mexikotik zekarren karga atzematea zuen helburu.

Ibilbide horretan, Baionatik Bilbora zihoan Galdames merkataritza-ontziaren eta hori babesten zihoazen hainbat bou euskaldunen berri izan zuten Carnarias ontzikoekoek. Bou horiek Euzkadiko Gobernuak gerraontzi bihurtu zituen arrantza-ontzietako gutxi batzuk baino ez ziren: Bizkaia, Donostia, Gipuzkoa, eta Nabarra.

Bouek bide desberdinak hartu ostean, Galdames mendean hartu eta Nabarrako eskifaiaren kontrako borrokari ekin zioten martxoaren 5ean. Enrique Moreno komandante murtziarraren agindupean, ez errenditzeko erabakia hartu eta borrokan aurrera egin zuten. Ontzia hondoratzean, 34 gizon hil ziren. 20 lagun bizirik atera ziren, baina heriotza-zigorrera kondenatu zituzten eta, indultatuak izan arren, ez ziren kartzela-zigorretatik libratu.

Borroka latz hartan parte hartu zuten guztiak gogoan izan zituzten ostiralean, Itsas Gudarien Egunean, Matxitxakon bertan, haien omenez jarritako Nestor Basterretxearen Matxitxakoko Guda eskulturaren ondoan.

Guk ere orduko gertaerak gogora ekarri nahi izan ditugu, borroka hura zuzenean bizi izan zuen Erramun Manterolaren bizipenak hona ekarriz:

Matxitxakoko gertakaria gogoratzeko, 1978an, atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzak Itsas Gudarien Eguna izendatu zuen martxoaren lehen igandea eta Bermeon ospatu ohi da. Aurtengoa ostiralean izan zen, martxoaren 1ean. Informazio gehiago, Hitzan.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia