Gregorio Larrañaga `Mañukorta´ bertsolari umoretsua hil da
2022ko uzt. 26a, 10:19
Gregorio Larrañaga Mañukorta bertsolari ezaguna hil da, 78 urte zituela. Umoretsua zen bertso-kantuan eta txisteak kontatzea ere gustuko zuen. 2012an elkarrizketatu genuen Ahotsak.eus-erako eta berak kontatutako hainbat pasarte ikusgai daude.
1943an jaio zen Gregorio Larrañaga Markina-Xemeingo Larruskain auzoko Mañukorta baserrian. Eskolarako buru argia zuen arren, baserriko maiorazkoa zenez, ezin izan zuen eskola asko ikasi eta berak beti "Ingeniero de estratas y burdibides" karrera egin zuela esaten zuen:
1965ean soldadutzara joan behar izan zuen eta 2 urte egin zituen marinan, Canarias gerraontzian. Soldadutzatik bueltan, 1968ko otsailaren 14an, Ameriketara joan zen artzain, 3 urterako kontratu batekin. Guztira 5 urte egin zituen Ameriketan (azken urteak bertako gisa) eta hasieran artzain gisa joan arren, azken urteetan "kanpero" lanetan ere ibili zen. Ameriketako hainbat kontu ere kontatu zizkigun 2012an egin genion elkarrizketan:
Mutikotan bertsotarako zaletasun handirik ez zuen arren, pixkanaka hasi zen bertsotan. 1966an, artean soldadutzan zegoela, Bizkaiko bertsolari txapelketan parte hartu zuen. Lea-Artibaiko kanporaketa irabazi ostean, Lekeitioko finalaurrekoan bigarren geratu zen eta Durangoko finaleraino iritsi zen.
Hala ere, Ameriketatik itzuli ostean hasi zen plazetan kantatzen. Mugartegi izan omen zuen maisu. Gerora Lazkao Txiki izan zuen sarritan bertsotarako lagun eta azken urteetan Zeberiorekin ibili izan zen sarri. 1990eko hamarkadan plaza gehien egin zuen bertsolarietako bat izan omen zen Mañukorta. Txiste-kontalari gisa ere jarduten zuen eta ETBko hainbat saiotan ere hartu zuen parte. Gustuko zuen gazte artean ibiltzea. 2014an haren bizitzako pasarteak kontatzen dituen Mañukorta bertsonajea liburua argitaratu zuen Xabier Amurizak.
Duela urtebete omenaldia egin zioten Mañukortari Markina-Xemeingo Bertso Eskolako kideek eta pare bat bertso ere kantatu zituen, eskerrak emateko.
Gaur emango diote azken agurra Larruskaingo elizan, arratsaldeko 18:00etan. Gure doluminak senide eta lagunei.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.