Koldo Artolaren "Solstizioen inguruko ospakizunak nafarroako zenbait hizkeratan emanak” aurkeztu dute

2022ko ots. 18a, 11:53

Koldo Artola Kortajarena etnolinguistak argitaratu berri duen Solstizioen inguruko ospakizunak Nafarroako zenbait hizkeratan emanak liburua aurkeztu zen atzo Iruñeako Laba gunean. Artolak urte luzez Nafarroan egindako grabaketa etonolinguistikoak dira liburuaren oinarri. Audioak entzun ahal izateko, Ahotsak.eus webgunean katalogatu dira pasarte guztiak eta Artolaren lanean pasarte horietara joateko erreferentziak txertatu dira.

Koldo Artola Kortajarena (Donostia, 1938) Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kidea da eta ibilbide luzea du euskalgintzan. Euskalkiak izan dira bere pasioetako bat eta urte luzez jardun du ahozko ondarea eta euskalkiak jasotzen, bereziki Nafarroan eta Iparraldean. Arantzadi Zientzia Elkartearen eskutik kaleratu berri duen Solstizioen inguruko ospakizunak Nafarroako zenbait hizkeratan emanak liburuan ere Nafarroan egindako grabaketa etnolinguistikoak izan ditu oinarri. Kasu honetan, gai zehatz baten inguruko pasarteak bildu ditu Artolak: udako eta neguko solstizioen bueltan Nafarroan ospatu izan diren jai eta erritualen inguruko kontakizunak eta horiek tradizioan, herri erlijiotasunean, etnografian nahiz folklorean utzi dituzten aztarnak.

Esan bezala, lanaren oinarria laurogeigarren hamarkadan lurralde guztian zehar jasotako testigantzak dira. Lekukoen hitzak aurki daitezke transkribaturik liburuan eta audioetara jotzeko aukera ere ematen du, grabaziook zuzenean entzun ahal izateko. Horretarako, grabazio zati guztiak Ahotsak.eus webunean katalogatu dira, Solstizioen inguruko ospakizunak izeneko proiektuan. Solstizioetako manifestapen kulturalen inguruko ikerketa etnografiko sakon bat egitean baino, liburu honen gakoa berriemaileen mintzoan dago; izan ere, pertsona hauetako asko egun euskara oso galduta dagoen eremukoak dira.

Entzun, adibiderako, Artolak 1981ean Ezkabarteko Anotz herriko Celedonia Zenozi San Juanen inguruan jasotako kontuak:

 

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia