'Kili-kili' aldizkariaren aita hil da

2014ko mar. 14a, 07:28

Jose Antonio Retolaza euskaltzale eta komikigile aitzindaria hil da. Frankismo puri-purian, Bizkaiko haur eta gaztetxoek euskarazko irakurgaiak, denbora-pasak, lehiaketak, etab. izan zitzaten ezkutuko lan handia egin zuen, hurrengo hamarkadetan ere Bizkaiko eta kanpoko etxe eta txoko askotan 'Kili-kili' aldizkaria ezinbesteko tresna bihurtu baitzen.

 

Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia, Bilbon jaio zen 1929. urtean. Hala ere, Espainiako Gerra Zibilean Muxikara, bere amaren jaioterrira, joan zen bizitzera. Gerora ere bertara bueltatu zen familia Muxikan osatuz. Gu ere izan ginen beragaz bere etxean Muxikako ahotsak proiektua zela-eta, oso jator eta kontu-kontari aritu arren ez zen kamera aurrean berba egitera animatu. Hala ere, bere ekarpenak gure artean izango ditugu betiko.

Hainbat argitalpen egin eta sustatu zituen, betiere bere euskara maitea oinarri zituenak. Euskararen aldeko eta irakaspenaren aldeko borrokalari sutsua zen, eta 1966. urtean 'Kili-kili' sortu zuen ume eta gaztetxo euskaldunak gogoan. 

1966an, Bilboko San Anton elizako Euskal Katekesirako, Kili-Kili pertsonaia asmatu zuen, eta horrekin sortu zuen pertsonaia oinarri hartuta zuen aldizkaria. Bizkaiko etxe askotan, harpidetza bidez jasotzen genuen 'Kili-kili', bizkaieraz edo batuaz, aukeran gurago zenuen bezala. Ordura arte ez zegoen aisialdirako horrelako aukerarik euskaraz. Bizkaian zuztartu ostean, apurka-apurka Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetara zabaltzen hasi zen.

Ahotsak.com-eko hainbat lekukok ere erabili izan zuten klandestinoki zein frankismo ostean ume eta gaztetxoen artean euskararekiko kontzientzia zabaltzeko asmoz.

Derion katekesia erdara hutsean zenez, Mirentxu Elorriagak ete bere senarrak zerbait egin behar zutelakoan 'Kili-kili' erabiltzen hasi ziren euskarako eskolak eta katekesia emateko. Bertako umeek aldizkariarekin lotu izan dute beti dotrina; ondorioz, gaur egun 'Kili-kili' esaten diote Derion katekesiari:


Kontxi Arrien gernikarra Madrilen bizi zela 'Kili-kili' saltzeaz arduratzen zen:

Bere heriotzaren eta ekarpenen berri prentsan: Berria, Deia, Busturialdeko hitza, Argia (1974ko elkarrizketa).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia