Ahotsak.com hezkuntzan erabiltzeko proiektua aurrera doa

2011ko abe. 22a, 10:20

Astelehen goizean Aretxabaletako eta Eskoriatzako euskara teknikariekin bildu ginen Aretxabaletan, hezkuntzako proiektuari buruzko balantzea egiteko.

Ahotsak.com webgunean makina bat testigantza ditugu jasota. Herri batzuetan, jasotakoa laburtuta eta sarera igota dago. Hurrengo pausoa material hori hezkuntzan erabiltzea izan da; transmisioa etxetik eskolara eramatea, alegia. Horixe da Eskoriatzako Arizmendi eta Aretxabaletako Kurtzebarri ikastetxeetan egiten ari garena. Iaz hasi zen proiektu pilotua, eta aurten jarraipena eman diogu.

 

Iaz bezala, Arizmendiko eta Kurtzebarriko irakasleek Ahotsak-eko materiala erabiliko dute ikasgelan, Lehen Hezkuntzan. Iaz, Kurtzebarrikoek eskolan jorratzen dituzten gai batzuk zerrendatu zituzten, mailaka, eta guk horren araberako bideo pasarteak aukeratu genituen, egokienak izan zitezkeenak. Arizmendin, berriz, irakasleek beraien kasa egin zituzten bilaketak webgunean, gure azalpenak jaso ondoren. Emaitzak oso onak izan ziren bietan: adineko herritarren testigantzak baliagarriak gertatu zitzaizkien, ikasleak herriko historiara eta euskalkira hurbiltzeko; baita helduekiko errespetua lantzeko ere.
 
Aurten, Kurtzebarrikoek beste gai zerrenda bat prestatu dute, eta guk horrekin lotutako bideo pasarteak proposatu dizkiegu. Eskoriatzako kasuan, 6. mailan jarri dugu arretagunea: urte osorako proposamen bat egin dugu, Txanela ikas-liburua oinarri moduan hartuta. Herri bateko zein besteko bideo pasarteekin batera, proposatutako gaiekin bat datozen argazkiak ere aukeratu ditugu, Eskoriatzako argazki artxibokoak. Irakasleen txanda da orain!


Umetako jolasak

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia