'Gasteizko Euskararen Ahotsak': bideoak sarean eta elkarrizketa berriak
2019ko api. 4a, 10:12
2015ean hasitako proiektuari jarraipena emanez, beste 15 elkarrizketa inguru ari gara grabatzen egunotan Gasteizen. Besteak beste, Pedro Elosegi musikari eta politikaria, Irati Anda eskalatzaile eta bertsolaria edo Miel A. Elustondo idazlea elkarrizketatu ditugu. Gainera, 2015ean egindako grabazioak landu eta bideoak sareratu ditugu.
Badira urte batzuk Gasteizko Euskararen Ahotsak egitasmoa abian jarri genuela. Crowdfoundingaren bitartez proiektua martxan jartzeko beharrezkoa zen finantziazioa lortuta, hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso genituen. Batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen zien jakin nahi izan genuen. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Euskarak Gasteizen izan duen bilakaeraren berri ere eman ziguten. Eta euskal kulturako aurpegi ezagunik ere igaro zen gure kamararen aurretik: Mikel Urdangarin abeslaria, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba eta Karmele Jaio idazlea, besteak beste.
Ahots horiek guztiak ikus-entzunezko batean bildu genituen eta Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu genuen 2016ko apirilean.
Aurten, Gasteizko Udalak emandako laguntzari esker, proiektuarekin aurrera egiteko aukera izan dugu. Horrela, lehendik elkarrizketatuta genituen hiztunen grabazioak landu eta pasarte interesgarrienen bideoak sareratu ditugu azken asteetan. Eta, gainera, beste 15 elkarrizketa inguru ari gara grabatzen egunotan Gasteizen. Urtea amaitzerako, hauek ere landu eta sareratzea izango dugu helburu.
Idoia Etxeberria lankidea Pako Eizagirre elkarrizketatzen
Eskerrak eman nahi dizkiegu Oihaneder Euskararen Etxeko Iñaki Lazkanori eta Gasteizko Udaleko Alex Vadillori, kontaktuak egiteko orduan beraien laguntza ezinbestekoa izan delako. Eta, nola ez, mila-mila esker zuen testigantza emanez parte hartzen ari zareten gasteiztar guztioi!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.