Gasteizko Ahotsak proiektuaren aurkezpena, etzi

2016ko api. 4a, 11:11

Crowdfoundingaren bidez finantziazioa lortuta, 13 elkarrizketa egin ditugu Gasteizen, euskarak sortzen dituen sentipenak jasotzeko. Eta testigantza horiekin ikus-entzunezko bat prestatu dugu. Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dugu etzi, apirilaren 6an. Zatoz proiektua ezagutzera!

Hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso ditugu Gasteizko Euskararen Ahotsak proiektuan. 13 lagun guztira. Batzuk gasteiztarrak dira jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi izan dugu. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Euskarak Gasteizen izan duen bilakaeraren berri eman digute. Eta testigantza horiekin dokumental txiki bat prestatu dugu. Proiektua Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dugu etzi, 19:00etan. Hona hemen dokumentalaren aurrerapen bat:

Urteak daramatzagu euskalkiak jasotzen, herriz herri, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan. Eta Gasteiz ez zegoen gure ahotsen mapan. Gasteizko euskalkia aspaldi galdu baitzen. Hori bai, Gasteizen euskara bizi-bizirik dago. Are gehiago: euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan. Horregatik, oso interesgarria iruditzen zitzaigun ahots horiek jasotzea. Euskararekin lotutako sentipenak. Eta finantziazioa Crowdfoundingaren bitartez lortuta, Gasteizko Euskararen Ahotsak egitasmoa jarri dugu abian. Hala, Gasteiz gure mapara ekartzea lortu dugu.

Denetik elkarrizketatu dugu, gazte zein heldu. Gehien-gehienak euskararekin lotura handia duten pertsonak dira: nola edo hala euskara sustatzen dihardutenak. Atzerritik etorri, eta Gasteizen euskaldundu denik ere bada: Jordi Serra katalana, esaterako. Eta euskal kulturako aurpegi ezagunik ere igaro da gure kamararen aurretik: Mikel Urdangarin abeslaria, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba eta Karmele Jaio idazlea, besteak beste. Elkarrizketatuen bideo pasarte batzuk ikusgai daude dagoeneko gure webguneko Gasteizko orrian, eta baita Youtubeko gure kanalean ere, gaika sailkatutako 10 bideo hauek: Gasteizko Ahotsak Youtuben

Elkarrizketa gehienak Oihaneder euskararen etxean egin genituen, eta bertako langileen laguntza ezinbestekoa izan da, kontaktuak egiteko orduan zein gerora. Orain, aurkezpena ere hantxe izango da, Ortuño aretoan hain zuzen ere. Ikus bertako agenda.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Gasteizko Ahotsak proiektua posible egin duten guztiei: Crowdfounding-ean parte hartu zutenei, aldez edo moldez lagundu digutenei eta testigantza emateko prest agertu diren gasteiztar guztiei! Hori bai, proiektuarekin jarraitzea nahiko genuke, ahots interesgarri asko geratu baitira jaso gabe. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia