Felisa Eizagirre zarauztarrak 105 urte bete ditu
2019ko ots. 26a, 17:14
Felisa Eizagirre zarauztarrak 105 urte bete zituen otsailaren 11n. Zorionak! 23 urtetatik Irunen bizi da. Gor-haizea dauka, baina indartsu dago. 2011n elkarrizketatu genuen, eta hark kontatutakoak ikusteko aukera dago Ahotsak.eus webgunean.
Zarauzko Gurmendi baserrian jaio zen Felisa Eizagirre Ibarguren, 1914. urtean. 23 urtetatik Irunen bizi izan da. 8 senide ziren, eta anaia zaharrena ezkondu zenean, gainerakoek hara edo hona alde egin behar izan zuten. Neskame lanetan eta zerbitzen ibili zen lehenengo, Zarautzen bertan, eta 23 urterekin Irunera joan zen. Bi ahizpa zituen han, eta haiei laguntzera. Bera ere bertan geratu zen. Irungo Agerre baserrira ezkondu zen. 2011n elkarrizketatu genuen, Ahotsak.eus proiekturako, Irungo zahar etxe batean. Gor-haize pixka bat zeukan ordurako, baina hala ere makina bat kontu kontatu zizkigun. Gerrako kontuak, besteak beste.
Duela 100 urte bizimodua nolakoa zen ere azaldu zigun Felisak. Nola egiten zuten lo, su-bajua zutela sukaldean...
Felisa umea zela, etxean ur korronterik eta argindarrik ez zuten:
Arropa nola garbitzen zuten ere kontatu zigun, "lixiba" egiten zutela:
Felisaren bideo-pasarte guztiak entzuteko eta ikusteko moduan daude hemen. Zarauzko Hitzan atera zuten albistea: Indartsu ehun eta bost urterekin. Zorionak eta besarkada bero bat, Felisa!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.