Euskarazko prentsaren garapena ezagutzeko, ikusi gure bideoa!

2021ko urr. 7a, 15:32

Ahotsak.eus proiektuan hainbat kazetari eta aditu elkarrizketatu genituen iaz, euskal hedabideen historia ezagutzeko. Testigantza horiekin, prentsaren garapenari buruzko bideoa osatu genuen, oinarri moduan euskarazko egunkariak eta Zeruko Argia astekaria hartuta. Hementxe duzue ikusgai. 

Euskarazko prentsak ibilbide gorabeheratsua izan du, euskararen normalkuntza prozesuarekin bat datorrena. II. Errepublika garaian euskal kulturaren pizkundea gertatu zen, eta euskarazko hedabideak indarra hartzen hasi ziren. Gerrak zapuztu zuen susperraldia eta, ondoren, Francoren diktadura luzean, euskara zapalduta egongo zen. 60ko hamarkadan hasi zen berriro arnasa hartzen. Bideo honetan bereziki euskarazko egunkarietan eta Zeruko Argia astekarian jarri dugu begirada, elkarrizketatutako kazetari eta adituen esanen bitartez:

Ahotsak.eus proiektuan iaz hainbat kazetari eta aditu elkarrizketatu genituen prentsaren historia jasotzeko: Elixabete Garmendia, Miren Jose Azurza, Joxe Mari Iriondo, Lurdes AuzmendiJuan Martin Elexpuru eta Patri Urkizu, besteak beste.

Euskal literaturaren historiari buruzko bi bideo ere prestatu genituen: 50-60 hamarkadetako literatur lanei buruzkoa eta 70eko hamarkadako literatura jorratzen duena. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Euskararen eta euskal kulturaren historia ezagutaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikastetxeetan, Batxilergoko Euskara eta literatura ikasgaian, erabiltzeko proposamen pedagogikoak ere gertatu genituen, eta fitxa sortu genuen Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin genuen bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. "Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 110 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako, DBHrako eta Batxilergorako.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia