Ermuko Appa hi! aurkeztu dugu, Bizkaiko lehenengoa

2025ko eka. 18a, 15:34

Ermuko Udalarekin elkarlanean, Ermuko Appa hi! aurkeztu dugu, gaur, Ermuko Lobiano Kultur Gunean. Appa hi! aplikazioan dagoeneko hainbat herritako bertsioak aurki daitezke, baina Ermua izan da Bizkaiko lehenengo herria.

Ermuko Udalaren eskariz, 2024 amaieran hasi zen Badihardugu Euskara Elkartea Appa hi! aplikazioaren Ermuko bertsioa prestatzen. Fernando Aranberri filologo eta euskara teknikariak 1996an kaleratu zuen Ermua eta Eitzako euskara liburua erabili da oinarri gisa eta, Aranberriz gain, Esti Gonzalez Euskal Birusa elkarteko kidea eta Drogetenitturri aldizkariko arduraduna ere izan dugu laguntzaile. 5 astean modu jolasgarrian hitanoaren oinarria jasotzeko helburuarekin sortu genuen Appa hi! aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak eta Codesyntax enpresak, 2021ean, lankidetzan. Aplikazioa Oñatiko Ingo xonau! proiektuari lotuta sortu bazen ere, berehala hasi ginen euskara batuko atala eta beste hainbat herritako bertsioak sortzen. Ermukoa Appahi! aplikazioko 12. bertsioa da eta Bizkaiko lehenengoa, hain zuzen ere. 

>> Jaitsi hemen APPA HI!

Euskal Herriko hainbat eskualdetan oraindik ere hika bizirik dagoen arren, nabarmena da hitanoaren beherakada. Ermuan ere hika egiteko ohitura handia izan da eta, adinekoen arabera, Ermua sarri kritikatu izan zuten, hitanoa ohikoa baino gehiago erabiltzearren (errespetu falta zalakoan). Esti Gonzalezek aurkezpenean esan duenez, ermuarrak Jangoikoari ere hika egiten ziotela esaten zuenik ere ba omen zen inguruetan. Kalean hika erabiltzea txartzat hartu izan da, baserritarren hizkera zelakoan. Hala eta guztiz ere, beste herri askotan bezalaxe, hika zen Ermuan aurrekoen ahotan gehien entzuten zen berbeta. Tratamentu horren transmisioan egon den etenaren ondorioz, gaur egun ia galtzeko bidean dagoela eta gazteen artean ia ezagutu ere ez dela egiten ikusita, Ermuko Udalak hizkera informal hori biziberritzeko ahalegina egin nahi izan du. Hala adierazi dute gaurko aurkezpenean Fernando Aranberri euskara teknikariak eta Arritokieta Araiztegi zinegotziak. Aintzane Agirrebeña Badihardugu Euskara Elkarteko kideak Appa hi! aplikazioaren inguruko zehaztasunak azaldu ditu. 

35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak -Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak- eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Ermuko hika (edo aukeratzen den herrikoa) ikastea.

Aplikazioko ikasgaietan hainbat adibide, bineta, audio, bideo... txertatu dira, ikasitakoaren lagungarri. Fernando Aranberrik Ermuko euskara jasotzeko egindako grabazioetatik adibideak atera eta audio gisa txertatu dira aplikazioan, transkripzioez lagunduta. Bideoak osatzeko, berriz, Ahotsak.eus-eko testigantzak erabili dira, horietako gehienak Esti Gonzalezek jasoak. Ikusi, esate baterako, hika erabiltzeko ohituren inguruan bi herritarrek esandakoarekin osatutako bideoa:

Apikazioan txisteren bat edo beste ere aurki daiteke. Esate baterako, Maria "Txindurri"ri jasotako hauxe:

Irudian, Fernando Aranberri, Arritokieta Araiztegi, Estibalitz Gonzalez eta Aintzane Agirrebeña (Argazkia: Roberto Tejada, Ermuko Udala).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia