Elbira Zipitriari buruzko filma: "Muga deitzen da pausoa"

2018ko eka. 28a, 12:41

Dokumentala prestatu du Maider Oleaga zuzendariak, Elbira Zipitria (1906-1982) andereñoari buruz. Crowfunding-a egin zuen dirua lortzeko, eta Ahotsak.eus proiektuak ere parte hartu zuen. Filma udazkenean estreinatuko dute.

Elbira Zipitria andereñoa, Ira ezizenez ere ezaguna. Ikastola klandestinoen sortzailea, Donostiako parte zaharrean bizi zen. Etxean bertan jarri zuen ikastola, gerraostean. Etxean bertan irakasten zien euskara interesa zuten euskaltzale guztiei. Etxean prestatu zituen andereñoak, gero ikastola berriak jartzeko. Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zine zuzendaria bizi da orain etxe horretan, alokairuan. Berak ez zekien Elbira nor izan zen, baina jakin zuenean, hari buruzko filma egitea erabaki zuen. Asteartean egin zuten filmaren lehen pasea, Donostiako Antzoki Zaharrean. Parte hartzaile eta laguntzaileentzat soilik, saio itxia. Estreinaldia udazkenean izango da. 

Oleagaren begirada pertsonala eta poetikoa jasotzen du dokumentalak, eta Zipitriaren garai ilunena nabarmentzen da: erretiroa hartu zuenean, bere baitara bildu zen Zipitria, bere etxean. Hona hemen Muga deitzen da pausoa filmaren trailerra.

Crowfunding-a egin zuen Oleagak dirua lortzeko, eta Ahotsak.eus proiektutik ere parte hartu genuen. Laguntzeko prest ere agertu ginen, testigantza asko baititugu jasota andereño Zipitriari buruz. Harekin batera andereño ibilitakoenak, haren ikasleenak, ikasleen gurasoenak... Arantxa Gurmendi aktorea, esaterako, Elbira Zipitriaren ikaslea izan zen:

Kontxita Beitia, berriz, andereño ibili zen ikastola klandestinoetan. Mari Karmen Mitxelenak eta berak Oleagari asko lagundu diote filma egiteko prozesuan. Bideo honetan Elbiraren metodologia nolakoa zen azaltzen du Kontxitak:

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia