Ean eta Mutrikun elkarrizketatutako lekukoei omenaldia asteburuan

2016ko abe. 5a, 09:55

Euskararen Egunaren bueltan, bi aurkezpen-omenaldi izan ditugu asteburuan: ostiralean Mutrikun elkarrizketatutako lekukoak omendu ziren eta larunbatean, berriz, Eako Ahotsak proiekturako elkarrizketatuak. Guztira 47 lekukok jaso dute omenaldia.

2008an hasi ziren Mutrikun elkarrizketak egiten, bertako kanta zaharrak jasotzeko asmoarekin. Garbiñe Garagartza eta Nerea Arrizabalaga ibili ziren elkarrizketak egiten eta grabazioak www.ahotsak.eus webgunean katalogatu ziren, Mutrikuko kantak proiektuan. Ondorengo urteetan Badihardugu Elkarteak landu zituen grabazio horiek, Mutrikuko Udalarekin elkarlanean, eta baita elkarrizketa gehiago egin ere Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren baitan. Guztira 29 hizlari daude elkarrizketatuta Mutrikun eta gaika sailkatutako 767 pasarte kontsultatu daitezke. Gainera, pasarte horiek guztiak entzun edo ikusteko aukera dago.

Orain arte egindako lanaren emaitza herritarrei erakusteko eta elkarrizketatuak omentzeko asmoz, aurkezpena egin zen Mutrikun ostiralean, iluntzeko 7retan. Jose Angel Lizardi alkateak egin zituen sarrerako hitzak eta, ondoren, Ahotsak proiekturako Mutrikun elkarrizketak egiten ibili zen Ainhoa Bernabek proiektuaren berri eman zuen. Aurkezpenerako prestatutako ikus-entzunezkoa ikusi ostean, lekukoei omenaditxoa egin zitzaien, bakoitzari esker gisa bere grabazioaren eta aurkezpen-bideoaren kopia bana emanez.

 

Ean. berriz, 2012an hasi ginen elkarrizketak egiten, herritarren bultzadarekin eta Udalaren laguntzaz. Nerea Goiria eta Andere Gonzalez ibili ziren elkarrizketak egiten, hainbat herritarrez laguntzaz. Guztira 18 lekuko daude elkarrizketatuta Eako Ahotsak proiektuan eta 250 bideo pasartetik gora daude ikusgai. Larunbatean, Euskararen Egunean, omenaldia egin zitzaien proiektuan parte hartu duten lekuko guztiei.

 

Eskerrik asko herri bietako laguntzaile eta hizlari guztiei!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia