Betiko kanta-jolasen transmisioari buruzko bideoa prestatu dugu

2018ko ira. 28a, 13:26

Nola egin antzinako ohituren transmisioa? Ahotsak.eus proiektuan adinekoei jasotako kanta-jolasak hainbat ikastetxetan landu dituzte, haurrekin. Eta transmisio hori erakusten duen bideoa prestatu dugu, zazpi kantu-jolasekin. 

Ahozko literaturan kantagintza eta jolasa eskutik helduta doaz maiz. Ahotsak.eus proiektuan jasotako kanta-jolasetan oinarrituta, Deba bailarako hainbat ikastetxetan lanketak egin dituzte umeekin. Zazpi kanta-jolas batzen dituen bideoa gertatu dugu orain, transmisio horren erakusgarri dena. Adinekoez gainera, Eibar, Elgoibar eta Aretxabaletako umeak azaltzen dira bideoan: 

Bideoa ikastetxeetan erabiltzeko -DBHko Euskara eta literatura ikasgaian- proposamen pedagogikoak ipini dizkiogu, eta bideo-fitxa sortu dugu Ikasgelan webgunean. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin egin dugu (EIMA 2.0.). Izan ere, oso garrantzitsua da umeek ez ezik gaztetxoek ere ondare hori ezagutzea, eta haiek ere transmisioaren katebegi bihurtzea. Guztira 12 bideo-fitxa prestatu ditugu aurten, Euskara eta Literatura ikasgairako. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea ikastetxeetara bideratzeko sortu genuen: lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak lagun hartuta. Dagoeneko gaikako 80 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako. Hortaz gainera, 50etik gora kanta eta jolas ditugu jasota, HHn eta LHn erabiltzeko. Jira bueltan liburuxka-DVDa ere argitaratu genuen. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia