Bergarako euskararen historia soziala jasotzeko egitasmoa abian

2020ko ots. 6a, 10:16

Badihardugu elkarteko kideok 15 elkarrizketa egingo ditugu, gerraostetik 80ko hamarkada bitarte Bergaran euskalgintzan egindako lanen testigantza jasotzeko. Elkarrizketok landu, eta Ahotsak.eus proiektuan ipiniko ditugu, urte bukaerarako.

Gerraosteko euskalgintzaren memoria jaso eta zabaltzea. Hori da Bergarako Udalak egin nahi duena. Herriko euskararen historia soziala ezagutaraztea. Izan ere, herritar asko ibili da euskarari eusten eta eragiten Bergaran, hainbat alorretan: hezkuntzan, antzerkian, bertsolaritzan, literaturan, hizkuntzalaritzan, kantagintzan... Bai gerra aurrean eta baita gerraostean ere. Gerraosteko mugimenduak eta lanak behar bezala jaso gabe daude, 80. hamarkadara bitartekoak, eta horixe da Badihardugu elkarteari eskatu digutena: hainbat alorretako 15 pertsona elkarrizketatu, eta testigantzak landu ditzagula, ondoren ezagutzera emateko, Ahotsak.eus webgunean, Bergarako orrian. Gure lan ildo berriarekin bat dator proposamena, bete-betean. Bergara izan zen Ahotsak proiektuko lehen herria, eta sasoi berrikoa ere bai. 

Prentsaurrekoa eman genuen atzo, Bergarako udaletxean, egitasmoaren berri emateko. Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik gabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Euskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu ditugu urteen joan-etorrian: guztira 165 hiztunen testigantzak. 1.800 bideo-pasarte eta 500 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.

Orain arte egindako lana osatzen jarraituko dugu aurten. Batetik, batutako elkarrizketak aztertu, eta Bergarako euskararen historia sozialarekin lotutakoak identifikatuko ditugu. Bestetik, 15 elkarrizketa berri egin eta landu. 2020ko abendura bitarteko epea daukagu horretarako. Euskara Zerbitzua zerrenda bat osatzen ari da, nor elkarrizketatu erabakitzeko, eta herritarrei ere laguntza eskatu diete, interesgarriak izan daitezkeen pertsonen berri eman dezaten.

Aurrera begira, jasotako testigantza guztiekin lanketaren bat egiteko asmoa ere badauka Udalak. Oraindik zehaztu gabe dago ikus-entzunezkoa, material didaktikoa, liburua edo zer izango den.

Prentsaurrekoan bildu ginenak ageri gara argazkian, ezkerretik hasita: Estepan Plazaola euskara teknikaria, Gorka Artola alkatea, Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea eta Ekaitz Aranberri euskara zinegotzia. Ikus albistea Goienan.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia