"Aramaioko elkarrizketa bateko 680 aditzetatik 674 indikatibokoak ziren"
2012ko mar. 20a, 16:32
Datu hori eman zuen Txipi Ormaetxea filologo aramaioarrak joan zen ostegunean "Aramaioko aditz-taulak" liburuxka aurkezteko Aramaion bertan egin zen ekitaldian. Liburuskaren aurkezpenaren ostean, Ahotsak.com webgunea ere aurkeztu zitzaien bertaratutako herritarrei.
Badihardugu Euskara Elkarteak aurkezpen bikoitza egin zuen joan zen ostegunean, martxoaren 15ean, Aramaion. Alde batetik, Txipi Ormaetxea filologoak prestatu duen "Aramaioko aditz-taulak" liburuxka aurkeztu zen eta, ondoren, Ahotsak.com webgunea eta zehazki Aramaio herriari dagokion orria aurkeztu zitzaizkien herritarrei.
Lehenbiziko zatian, Aramaioko aditz-taulen liburuxkarekin lotutako zenbait puntu aipatu zituen Ormaetxeak, bertaratutakoekin elkarrizketa sortuz:
- Aditz-tauletan egunerokotasunean gehien erabiltzen diren aditzak bakarrik jaso direla aipatu zuen. Eta datu aipagarri bat ere eman zuen: "Aramaioko euskara" izeneko bere tesirako bi emakume aramaioarren arteko elkarrizketa trasnkribatu omen zuen eta guztira 680 adizki atera omen zituen bertatik. 680 adizki horietatik 674 indikatibokoak omen ziren.
- Erabilerarekin lotuta, asko erabiltzen diren zenbait aditzek aldaera ugari izan ditzaketela ere aipatu zuen, eta baita adibideak eman ere.
- Aramaioko euskaran adizki askotan pluraleko komunztadurarik ez dela egiten ere aipatu zuen; hau da, sarritan pluralgilerik ez dela erabiltzen (adibiderako: eran daigun kopak).
- Bukaeran tratamenduen inguruan ere jardun zuen (berorikaren galera eta hikaren gainbehera).
Bigarren zatian, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak eta Kepa Elortzak Ahotsak.com webgunearen inguruko azalpenak eman zituzten. Agirrebeñak webgunearen atala erakusteaz gain, herrian urteetan zehar egin diren bilketa eta ikerketak aipatu zituen eta batez ere Arantza Ozaeta eta Dibina Arriolabengoa herritarrek egindako lana goraipatu zuen. Kepa Elortzak hainbat elkarrizketa egin ditu azken urteetan Aramaion "Euskal Herriko Ahotsak" proiektuaren baitan eta herritarrengandik jasotako kontu bitxiak aipatu zituen. Kontu horietako batzuk hiztunen ahotan entzun eta ikusi ahal izan zituzten bertaratutakoek. Honakoak, esaterako:
Lehen gaueko eskubidea ukatu kondeari
Lehengo ezteiak bi ospakizun zituzten
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.