Arabako euskara jasotzeko ahaleginean

2012ko ots. 15a, 17:15

Arabako euskara jasotzeko ahaleginean dihardute azken urteotan Imanol García Uriarte eta Ignacio Carrera Garmendia filologoek. Hainbat lekuko arabar elkarrizketatzeaz gain, han eta hemen sakabanatutako Arabako grabazioak ere bildu dituzte. Bilduma osoa Ahotsak.com-en ikus daiteke, Arabako euskara izeneko proiektuaren baitan.

Ignacio Carrera Garmendia eta Imanol García Uriarte filologoek lan ugari egin dute azken urteotan Arabako euskararen inguruan. Hainbat arabar elkarrizketatzeaz gain, Arabako beste zenbait grabazio zahar ere berreskuratu dituzte eta baita transkripzio ugari egin ere. Euren lanari esker Arabako euskara izeneko proiektua sortu dugu Ahotsak.com-en.

Arabako euskara izeneko proiektuan bi filologoek 2000 eta 2008. urte bitartean Arabako Legutio aldean (Legutio, Elosu, Ollerieta, Nafarrate, Urrunaga), Oletan (Aramaio udalerria) eta Zigoitiko zenbait baserritan egindako grabazioak biltzen dira. Legutio aldeko grabazioetako batzuk 2005ean argitaratutako Legutiano aldeko euskara liburuan agertu ziren. Liburu horretan bertako hainbat euskaldunek emandako ahozko kontakizunen bidez, alor ezberdinetako informazioa azaltzen da (festak, sinesmenak, nekazaritza, gerra garaia, abereak eta landareak…) bi CD-tan. Grabazioen transkripzioak oharrez horniturik daude ulermena errazteko asmoz (aditza, lexikoa, toponimia…).

Halaber, fondo honek jasotzen ditu Xabier Barrutieta irakasleak 1984. urtean Urrunagan egindako grabazioak eta Xabier Aranburu euskara irakasleak 2010ean Maria Jesus Lopez de Bergara legutioarrari egindako bideoa. Azken grabazio hau osorik transkribatu dute eta transkripzioak ikusgai daude sarean.

Arabako euskararen informazioa osatze aldera, aipatu grabazioekin batera, Federico Barrenengoa Arberas jaunak 70. hamarkadan Aiarako Baranbio herrian eskuratutako testigantzak ere topa daitezke.

Baina hauek ez dira Arabako ahozko ondarearen lekukotasun bakarrak; Ahotsak.com-en bertan Legutio eta Aramaioko hizkerak jasotzen dituzten beste hainbat grabazio ere aurki daitezke.

Hona hemen Legutioko eta Aramaioko zenbait lekukotasun:

 


Martintxo eta jentilak


Doroteo errementaria


Udalana edo "barbecho" eta "lieco"ak


Legutioarrek ahuntzak eta behiak

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia