Ahotsak proiekturako elkarrizketak, Geuretik Sortuak bekarako inspirazio

2023ko eka. 30a, 09:18

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin Ataunen eta Zaldibian egon da Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea, eta 17 herritar elkarrizketatu ditu, idatziko duen narraziorako inspirazio-iturri gisa. Grabazioak Ahotsak.eus eta 101 Ele proiektuetan jasota geratu dira, Ataunen eta Zaldibian

Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberria da Geuretik Sortuak egitasmoko aurtengo bekadunetako bat. 22 dira guztira, Euskal Herriko 39 herritan sormen lanak egiten arituko direnak: ipuinak, filmak, antzezlanak eta komikiak. Etxeberriari Ataun eta Zaldibia egokitu zaizkio: bi herri horien idiosinkrazia aintzat hartzen duen narrazio bat idatziko du. Horretarako, egonaldia egin du Ataunen eta Zaldibian: astebete igaro du bakoitzean, bi herrietako informazioa jasotzen. Bere lan metodologia Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketak egitea izan da, bideoan grabatuta.

Udalbiltzaren bekaren laguntza horrekin Etxeberriak 17 pertsona elkarrizketatu ditu guztira, Ahotsak.eus eta 101L proiektuetara bideratu dituenak (Ataungo eta Zaldibiako orrietan). Adin, jatorri eta izaera desberdinetako pertsonek beren herriei buruz duten ikuspegia jasotzea izan da helburua. Adinekoen bizipenak, hika hitz egiten duten gazteenak, kanpotik etorrita integratzeko euskara ikasi dutenenak... haiek kontatutakoak eta herrian jasotako beste pasadizo batzuk izango ditu inspirazio moduan, narrazioa asmatzeko. 

Geuretik Sortuak programan hiru antzezlan, lau film labur, hamar ipuin eta bost komiki egingo dituzte, Udalbiltzaren babesarekin. Euskaraz sortutako literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkia sustatzea du helburu proiektuak. Aurten bigarren edizioa du. 

Goiko argazkian, aurtengo bekadunetako batzuk, udalerrietako ordezkariekin batera, proiektuaren aurkezpen egunean, Beran. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia