Ahotsak-en parte hartu duten elgoibartarrak omendu genituen
2013ko abe. 10a, 17:09
Joan den asteazkenean, abenduaren 4an, Badihardugu Elkarteak eta Elgoibarko Udalak omenaldi beroa egin zieten Ahotsak-en parte hartu duten elgoibartarrei, beraien partaidetzagatik eskerrak emateko.
Ane Beitia batzordeburuak adierazi zuen moduan, 2007an hasi ziren elkarlanean Badihardugu Euskara Elkartea eta Elgoibarko Udala, herriko ahozko ondarea jasotzeko eta antolatzeko asmoz. Hasierako lana ordura arte herrian eginda zeuden grabazioak katalogatzea eta lantzea izan zen; batez ere Elgoibarko Euskara eta Elgoibartarren esanetan lanetarako egindakoak. 2010ean Badihardugu Euskara Elkarteak elkarrizketa berriak egin zituen bideoz, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren barruan, eta horiek ere era berean landu ziren Elgoibarko Udalari esker. Azken urteetan Elgoibar 1936 eta Makina Erremintaren Historiazaleak taldeak ere elkarrizketak egiten ibili dira, eta grabazio horiek guztiak Ahotsak webgunean txertatu dira. Guztira 70 hizlariren lekukotzak aurki daitezke une honetan Elgoibarri dagokion orrian, eta 1.330 pasarte daude kontsultagai. Horietatik ia 500 pasarte entzun edo ikus daitezke eta 268 pasarte daude transkribatuta. Transkripzio horietako asko Ane Odria eta Estitxu Irisarri elgoibartarrek egin zituzten, gainera, Euskal Filologiako praktika gisara.
Joan den asteko ekitaldian, datuok emateaz gain, euren grabazioak non kontsulta ditzaketen azaldu zien Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeñak bertaratu ziren lekukoei eta senideei. Ondoren, bildutakoaren lagin modura, honako bideoa ikusteko aukera izan zuten:
Bai Udalak eta bai Badihardugu Elkarteak eskerrak eman zizkien lekukoei, euren lekukotasunengatik, eta halako altxor ederra denon eskura jartzeagatik, eta esker ona adierazteko, lekuko bakoitzari bideoaren kopia bat eman zitzaion.
Hizlari eta senide ugari bertaratu zen eta ekitaldiaren amaieran talde-argazki eder bat atera ahal izan genuen. Milesker guztioi berriz ere!
Argazkia: www.elgoibar.org
Informazio gehiago elgoibarren.net-en.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.