Agur Kontxi Belandiari, Galdakaoko euskaltzale amorratuari
2020ko api. 29a, 07:00
Atzo hil zen galdakaoztar guztientzako oso maitatua izan den eta izango den "amama Kontxi", Kontxi Belandia Lekue. Herri guztietan dugu erreferentziazko pertsonaren bat, horixe izan da Galdakaon Kontxi. Guztiz ohikoa izan da Kontxi eragileekin elkarlanean ikustea, auzolanean, saltsa guztietako perrexila zen. Betiere, euskararen erabileraren sustapena helburu zuela.
Galdakaoko Bekelarre auzoan jaio zen, bost urte zituela Elexaldera joan ziren arren. Ama alargunak lan asko egin behar izan zuen lau seme-alaba txiki aurrera ateratzeko. Gerra Zibilean, etxetik irtenarazi zieten eta Frantzian pasatu zituzten hiru urte errefuxiatuta. Herrira itzulitakoan, etxea okupatuta topatu zuten. Bizimodu gaitz horrek gazterik gogortu zuen Kontxi.
2012. urtean izan genuen Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatzeko ohorea (oraindik ez dago pasarterik ikusgai). Bere etxeko ateak zabaldu, hamaiketako ederra eskaini eta galderarik egin beharrik barik barriketaldi gozoa, sendoa eta sakona eskaini zigun. Horrelakoa baitzen Kontxi, hurrekoa eta prestua. Bi egunez lau ordu eta erdiz aritu zitzaigun ia duela mende bateko bere Galdakao maiteko kontuei buruz berbetan. Herriko beste hiztun batzuen berri ere berak eman zigun, beti laguntzeko prest.
Euskararen alde lan asko egindakoa da Kontxi, elkarrizketa garaian ere Berbalagun egitasmoko kidea zen. Harro zioen ez ziola inolako lotsarik edo erreparorik ematen gazteengana hurbildu eta euskaraz egin zezaten animatzeko.
Egindako lan eskergagatik eta euskagintzan izandako ereduagatik, eskerrik asko, Kontxi!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.