Agur Imanol Urbieta haur-kanten sortzaileari
2016ko ira. 30a, 09:07
Herenegun hil zen Imanol Urbieta musikari, pedagogo eta sortzaile zarauztarra, 83 urte zituela. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehenengotariko irakaslea izan zen. Ran Rober Ran, MacMikel, Txoria nintzela... Dozenaka haur-kanta sortu zituen, 40 urtetik gorako ibilbidean. Ahotsak.eus-en 2008an egindako elkarrizketaren zatiak aurki daitezke.
Zarauzko musika plazan jaio zen Imanol Urbieta 1934an. Hamar anai-arrebatatik hirugarrena izanik, bera baino txikiagoak loaraztea zen bere eginkizuna, sehaskari eraginez. Esperientzia horrek eta beraien etxean piano bat egoteak betirako bideratu zuen musikarantz, zaletasun moduan lehenengo eta ogibide bihurtuz gero. 6 urterekin hasi zen musikaren kulturan barneratzen eta 8rekin bazuen pianoko irakaslea, txistua jotzen ikasia zen eta klarinetearekin hasita zegoen.
Musikagilea, pedagogoa, psikomotrizista eta batez ere sortzailea izan zen. 40 urtetik gorako ibilbidean, kontaezinak dira berak sortutako haurrentzako abesti, melodia eta musika zein ikaste-metodoak, 60tik gorako diskotan plazaratuta: Xirula mirula, Xixupika, Haurtxoa, Urtxintxa, Txanela, Zarautzeko haur kantariak, Amonaren kutxan, Haur kantarien birlorak, Axelko, otsoko eta Beleko, Lau katu eta danbor bat, Gabon gauean, Bizarzuri, Kansenia koralez koral, Kun-kun lo lo, Handitzen, handitzen, Txikia izanik, Kukuketan… Bereak diren "Pintto" txakurrarena, betaurrekodun astoarena zein "po-po po-po" egiten duen Ranroverrarena… zein umek ez ditu abestu?
Egindako lan eskergagatik eta kantagintzan utzitako altxorragatik, mila esker, Imanol!
2008an Esti Gonzalezek egin zion elkarrizketaren zatiak ikusgai daude Ahotsak.eus-en. Beste kontu askoren artean, sehaska-kanten eta musikaren erritmoaren garrantziaz noiz jabetu zen kontatu zigun:
MacMikel kantaren inguruan ere hitz egin zuen:
Imanolen heriotzaren inguruko albisteak, Berrian eta Urola-kostako Hitzan.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.