Abelin Linazisoro aktore eta idazlea hil da; 2007an elkarrizketatu genuen
2022ko ots. 23a, 17:01
Abelin Linazisoro ezaguna zen Zumaian, eta baita Euskal Herri osoan ere, Goenkaleko Xatur izan zelako. Duela urte batzuk Ahotsak-erako egin genion elkarrizketa sarean dago.
Abelin Linazisoro (Zumaia, 1942) joan zaigu. Goenkaleko Xatur. Aktore ezaguna, euskara irakaslea eta idazlea, Zumaiako kultur mugimendua sustatzen lan handia egindakoa. 2007an elkarrizketatu genuen Ahotsak proiekturako, eta hainbat kontu kontatu zizkigun herriko garai bateko giroari buruz: antzerkia, arrantza, arrauna, txikiteoa, hondartzako turistak... Haren bideo-pasarteak ikusgai daude. Pasarte honetan, adibidez, gaztetxoa zela zegoen kultur mugimenduaren berri ematen du:
Abelinek oinarrizko ikasketak egin zituen, hamalau urte bete artekoak. Hainbat lanbidetan izan zuen eskarmentua: hamazazpi urtez bulegari gisa, hamar urtez altzari lantegi batean zurgin lanetan, hiru urtez AEK-ko irakasle gisa, beste horrenbeste bikoizketako aktore eta zazpi urtez telebistako aktore moduan. Hiru nobela idatzi zituen, eta egunkarietan zein herri aldizkarietan ere kolaboratzen zuen. Baleike herri aldizkarirako, esaterako, Zumaiako hainbat adineko elkarrizketatu zituen.
Doluminak familiari eta lagunei.
Argazkia 1995ekoa da (jatorria: Baleike).
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.