Atala Kultur Taldea: 'Ibarbia sagarra: izan zena, badena eta izango dena'
2006an Errezilen sortua, Atala Kultur Taldea herrian eta herritik kanpora begira hainbat kultur ekintza antolatu, aurkeztu eta sustatu duen lan-taldea da. Herriaren behar kultural eta sozialei erantzun nahi die eta bertako ekintza zein gogoetetatik abiatuz Gipuzkoako kultura-ekintzan eta ezagutzan ekarpen esanguratsuak egin nahi ditu.
Errezilen belaunaldiz belaunaldi hain balioztatua izan den Ibarbia sagarraren
(Errezil sagarra) balio galduari eutsi nahi izan diote. Haren gainean, harekin izandako bizipenen gainean, harekin lotutako hitz eta tresnen gainean gehiago jakin nahi izan dute; euskarari eta euskal kulturari ekarpen berriak egin nahi izan dizkiote, herritarren ezagutza eta bizipenetatik abiatuz, haiek bildu, haietan sakondu eta gainerako lurraldetara helarazi.
Horixe da proiektu honen ametsa: Ibarbia sagarraren gaineko ikerketa soziologiko-linguistikoa.