Atala Kultur Taldea: 'Gari-lanak Errezilen'
2006an Errezilen sortua, Atala Kultur Taldea herrian eta herritik kanpora begira hainbat kultur ekintza antolatu, aurkeztu eta sustatu duen lan-taldea da. Herriaren behar kultural eta sozialei erantzun nahi die, eta bertako ekintza zein gogoetetatik abiatuz Gipuzkoako kultura-ekintzan eta ezagutzan ekarpen esanguratsuak egin nahi ditu.
Garai batean gauzatzen zen gari prozesu osoa nolakoa zen ezagutarazteko xedez antolatu zuten ekimen hau, eta herritarren parte hartze oparoarekin egin zuten aurrera. Gari lanetan jardundako herritarrak izan zituzten irakasle, beraiekin batera laian ikasi zuten beste hainbat heldu zein gazte, eta baita bakoitzaren ahalbideen neurrian parte hartu zuten haur zein gainerako herritarrak ere.
Zenbait tokitan galduta edo galtzear dagoen euskal kultura zein ohitura zaharrak gogoratzea eta etorkizun hurbilari helaraztea zutelarik helburu, transmisio bide berriei ateak zabaltzeko egitasmo izan zen Errezilgo gariari buruzko lan hau.