Leitzaldekoa (Hizkera)

Deskribapena

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
  2. Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da. 
  3. Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

  1. Erdal hitz amaieretako -on mantendu da Sortaldeko azpieuskalkian, euskara nafarrean bezala: kamiona. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, -on>-oi egin da.
  2. Euskara nafarraren bereizgarri diren bokal galtzeen aztarnak (aferesi eta sinkopak) daude eremu honetan: ekarri → karri ; egunetan→ eguntan
  3. i → e eta, batez ere, u → o bilakatzeko joera dago Nafarroako mendebaleko hizkeretan: kanpotik → kanpotek ; gelditu → gelditto ; duzu → dozo.
  4. e- batez hasten diren hitz batzuetan, lehen silabako kontsonantea galdu ondoren, e + bokala → y bilakatzen da Larraungo, Imozko eta Basaburuako hizkera batzuetan: edan → yan ; edozein → yozin.
  5. Instrumentalaren atzizkian -s ebakera nafarra dago erdialdeko euskalki barruko Nafarroako hizkera batzuetan: oiñes, erdas...

Hizkeraren ezaugarriak (Leitzaldekoa)

  • Erdal hitzetako -on amaierak, Nafarroa gehienean erabiltzen den formarekin batera (-ona),-obe aldaera eman du Areson eta Leitzan. Hitz zaharrenetan atzizki hau erabiltzen da: arrazobe, turmobe, balkobe, sasobe... Eta -ona mailegu berriagoetan: akordeona, kamiona...

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

 Izenaren morfologia

  1. Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
  2. Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...

Aditzaren morfologia

  1. *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
  2. Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
  3. Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak. 
  4. Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
  5. Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
  6. -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

  1. Ablatibo pluraleko eta mugagabeko -ta(r)ik morfema.
  2. Izan-en 3. pertsona singularrean *a + e → e egin da, Ipar Euskal Herrian eta euskara nafarrean bezala: zen. Eta ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa gehienean egin den *a + e a (zan).
  3. *edun-en orainaldian -u- da erroa, Gipuzkoako sartaldean eta erdigunean ez bezala (hauetan -e-: det): dut. 
  4. Izan-en orainaldian -a- da erroa pluraleko adizkietan, Gipuzkoako sartaldean eta erdigunean ez bezala (hauetan -e-: gea): gara.
  5. Ez dira erabiltzen "joan" aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak Sortaldeko hizkera gehienetan: die 'doa', zien 'zihoan (Areson eta Leitzan); nii / naie 'noa' (Goldaratz / Imotz). Salbuespena da Bidasoa ingurua: dijuazte 'doaz', zijuan 'zihoan' (Hondarribia-Irun). 
  6. Adizkien bigarren pertsona singularrean y- ezaugarri nafarra dago eremu honetako hizkera gehienetan: haiz → yaz
  7. Aditz iragankorren hirugarren pertsona pluralean, -te aldaera dago eremu honetako hizkera batzuetan (vs -e): diotet 'diet', sayote 'zaie'... Bigarren pertsona pluralean ere garatu da -te aldaera hori: dusute 'duzue', nasute 'nauzue'...
  8. Nor-nori-nork saileko pluralgilea -it- nafarra da eremu honetako hizkera batzuetan: ttiót 'dizkiot', nittizun 'nizkizun'...
  9. Geroaldian -en (> -in / -an) atzizkia dago erdialdeko euskalki barruko Nafarroako hizkera batzuetan (vs -go): emanen → emaan. Dena dela, joan den asapaldian atzeraka ari da, eta -ko ere sarri entzuten da Nafarroako mendebal osoan.
  10. *edun eta eduki ez dira zeharo nahastu, eta sarri erabiltzen dira *edun-en adizkiak. Mendebaleko euskalkian eta Gipuzkoako eremu zabalean, ostera, eduki da ia erabat erabiltzen dena.
  11. -ki aditz atzizkia erabiltzen da alderdi honetako hizkera batzuetan: ibilki, eoki...
  12. "Ibili" aditzaren trinkoei bukaeran bokal bat eransten zaie zenbait hizkeratan, Nafarroan moduan: naalle 'nabil'.
  13. Nafarroako hizkeretan ohikoa den "heldu + izan" egitura erabiltzen da zenbait hizkeratan.
  14. Nafarroako hizkeretan ohikoa den "ezin+ aditz nagusia+aditz laguntzailea" egitura ere erabiltzen da.
  15. "Partizipioa + a" egiturak erdialdeko beste zenbait hizkeratan baino maiztasun handiagoa du. "Partizpioa + ta" egitura ere erabiltzen da, -nta aldaera neutralizatu gabearekin: eginta / inta 'eginda' ; emanta 'emanda'.
  16. Mendebaleko euskaran eta erdialdekoan bezala, ohikoa da "egin"erabiltzea aurreko aditzaren indargarri gisa: itsutu in tzen gerran.

Hizkeraren ezaugarriak (Leitzaldekoa)

  • Aditz iragankorren hirugarren pertsona pluralean, -e aldaera erabiltzen da (vs -te), Goizuetan izan ezik: due 'dute', dakie 'dakite'...

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

  1. Erdialdeko euskalkiko gainontzeko hizkeretan ez bezala, galderetako al partikula ez da hain erabilia.
  2. Mendebalean eta Gipuzkoako sartaldean arrotza den bait- aurrizkia erabiltzen da kausa perpausetan, eta baita erlatibozkoetan ere.
  3. Denbora eta modu perpausetan, -(e)la ez ezik, -(e)larik(an) aldaera ere bada.
  4. Aukeran dira -koz / -kotz, -(e)lakoz / -(e)lakotz aldaerak: galdeek eoten ez giñelakoz.
  5. Adberbioak eta predikatuak absolutibo singularrean erabiltzea ez da arrotza. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, mugagabean edo partitiboan erabili ohi da: juxto-juxtoa bizeik geldittu zen.
  6. Destinatiboko eta prolatiboko -tako morfema. 
  7. "Uste izan" aditzaren edo "ustez" adizlagunaren osagarria eratzeko -en menderagailua erabil daiteke: estut uste itxiak iñak diren.

Hizkeraren ezaugarriak (Leitzaldekoa)

  •  Denbora perpausetan ez dago -elarik aukera Leitzaldeko hizkera gehienetan, -ela aitzizkia baizik.
  • Perpaus osagarriek "uste" aditzarekin -(e)la aukera dute, ez ekialderagoko -(e)n: Guk usteu euskaz bakigula ta...
  • Goizuetan oraindik badirau ere, Areson eta Leitzan ia ez da erabiltzen -(e)lakoz atzizkirik; -elako da kasik aukera bakarra: Eta gizona, ni etortzen enitzelako, etxen.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...

Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (G))

Aldaerak: hitz hasieran g- duten gua 'hoa', guai(n) 'orain', guartu 'ohartu' eta guatze 'ohatze' aldaera nafarrak. Beste aldaera batzuk: altzur / ailtzur 'aitzur', apez 'apaiz', atzendu 'ahaztu', beldur (vs bildur), biño / miño 'baina / baino', bulkatu 'bultzatu', eke 'ke', elkar (vs alkar), esene 'esne', gutti (vs gutxi), guzi (eta guzti), iguzki tankerakoak 'eguzki', iñurri (vs txindurri, txingurri), matel 'masail', nigar (vs negar), obi 'ogi', ttiki (vs txiki), ukittu (vs ikutu). 

Lexikoa: aieka 'alderdi', alor (vs soro), arotz 'errementaria', arrunt eta hagitz 'oso', aski 'nahikoa', atorra 'alkandora', azienda 'etxeko abereak', azkar 'indartsua', banabar 'indaba', barne 'barru', deus 'ezer', ebatsi 'ostu', esperatu 'itxaron', euntze / pentze 'belardia', ezkila 'kanpaia', gauenara 'saguzaharra', goitti eta beitti 'gora / behera', heldu da 'dator' adierarekin, hiruetanogei eta lauetanogei 'hirurogei / laurogei', iratze (vs garo), jainkoanpaxa 'ortzadarra', karrika 'kalea', kisu 'karea', kontentu 'pozik', kukuso 'arkakuso', lastaila 'urria', listu 'tua', (g)oatze 'ohea', oihan 'basoa', ongi eta hobeki (vs ondo / hobeto), paratu eta jarri 'jarri', pizar 'apur', solastu / jolastu / mintzatu 'hitz egin', tenore 'garaia', zakar 'itsusia', zoritu 'heldu', zurgin 'arotza'.

Hizkeraren ezaugarriak (Leitzaldekoa)

Erdialdeko euskalkiarekin lotzen duen lexikoa: asko (vs. (h)anitz), aurre-atze (vs. aitzin-gibel). Ekialderagoko lexikoa: deus (vs. ezer), hagitz, arrunt, banabar (Goizuetan baberna), heldu (vs. etorri).

Erdialdeko euskalkiarekin lotzen duten aldaerak: bildur (vs. beldur), izoa (vs. izeba), gora-bera (vs. goitti-beitti), itxi (vs. etsi, hertsi), oa(i)n (vs. orai). Erdialdeko euskaratik urruntzen diren aldaerak: ukittu (vs. ikutu), eskuñ (vs. eskubi), eskatu (vs. askatu).

Euskalkien liburutegia

Euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea

Gehiago »»

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia