Urolaldekoa (Hizkera)

Deskribapena

Goierriko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Urolaldekoak, baina hizkera honetan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Eremu lauagoa delako eta, batez ere, Eibar-Elgoibar aldeko industriak eraginda, estuagoa eta sarriagoa izan da hartu-emana. Lexikoan azaltzen da argien lotura, baina lexikoan ez ezik, hizkuntzaren beste sail batzuetan ere ageri da mendebaleko euskararen eragina Urolaldean.

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
  2. Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da. 
  3. Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • -a bokalez amaitzen diren hitzak artikuluarekin batzean, -a + a → -ea (> -ia, -ie) egitea: patata + a → patatea / patatia / patatie

Hizkeraren ezaugarriak (Urolaldekoa)

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

 Izenaren morfologia

  1. Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
  2. Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...

Aditzaren morfologia

  1. *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
  2. Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
  3. Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak. 
  4. Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
  5. Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
  6. -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • -rik atzizkia etxerik etxe tankerako esapideetan.
  • *egin erroa erabiltzen da ahaleran: daiket 'dezaket'
  • Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da eta, gainera, mendebaleko euskalkian baino indar handiagoa dauka. Euskalki horretan ez bezala, mailegu zaharretan eta euskal aditzetan ere erabiltzen da: aukerau, barkau, ingurau...
  • Irten aditza iragankorra zein iragangaitza izan daiteke: erten degu. Urolaldean jardun erabiltzen da eta hori ere iragankorra da: jardun degu.

Hizkeraren ezaugarriak (Urolaldekoa)

  • Neuk egiturako izenordain indartuak erabiltzen dira; hala ere, neronek sailekoak ere badira Urolaldeko ekialdean. 
  • -iu dago partizipioetan, batez ere Azkoitia-Azpeitia aldean eta, mendebalean ez bezala, euskal aditzetan ere agertzen da: garbiu, geldiu, txikiu...
  • NOR-NORK sailean, NOR-NORI-NORK saileko iraganaldian eta trinkoetan hitanoko adizkietako -txi- osagaia ageri da, Beterrin moduan: nau → natxiok / natxion, nion →  nitxuan / nitxionan, nago → natxiok / natxion...

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • Perpaus osagarrietako -(e)na atzizkia: nik antzeman nion hilko zana. Ezaugarri hau ahulduz doala dirudi eta gazteen artean gero eta gutxiago erabiltzen da.
  • Galdera perpausetako ala juntagailua: gaztiñea ugarie izango zan, ala?
  • Partizipioa + ta nagusitzen da. Baina Goierrin -rik eta -a ere erabiltzen dira.
  • Esaldi kontzesiboetan -arren ere bada aukeran Gipuzkoako ipar-mendebalean (gaur egun atzeraka doa): asko saxau arren, atzena allau zan.

Hizkeraren ezaugarriak (Urolaldekoa)

  • Kausa eta helburu perpausetako -tearren atzizkia dago hizkera batzuetan: jendiak ez ikustiarren, gauez ibiltze(n) zan.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...

Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

Lexikoa: abade 'apaiza', albo 'aldamen', astun 'pisu', baba / indaba (vs babarruna), baserritar 'nekazaria', domeka 'igandea', igarri 'nabaritu', irten/erten 'atera', izara 'maindire', lain 'beste, adina', lapiko 'eltze' (eta itsulapiko 'eltzeitsu'), papar 'bularralde', praka 'galtza', sarri 'maiz' adierarekin, txermen 'udare, madari', ume 'haur', zapatu 'larunbata', zatar 'itsusi', zil 'zilbor', zuztar 'erroa'...

Mendebaleko aldaerak ere badira hizkera batzuetan: alkondara 'alkandora', ete 'ote', gaztai 'gazta', keiza/keixa 'gerezi', okotz 'kokots', narru 'larru', txixa 'pixa'...

Hizkeraren ezaugarriak (Urolaldekoa)

Lexikoa: abade 'apaiz', abarketa 'espartina', adur 'lerde', aitita eta amama 'aitona/amona', azpikoz gaiñera, bigun, erten, Gabonak, ganora 'fundamentua', hurre 'hur, hurbil', izeko 'izeba', katamuxar 'katagorri', labain 'irristakor', okela 'haragi', osterantzian 'bestela', puxika 'maskuria', sastar, taket, txikot, txixa, zarata 'hotsa'...

Aldaerak: gitxi 'gutxi', matrailla 'masaila', txarri 'txerri'...

Argitalpenak

Gehiago

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia