Elgetako mojen eskola
Deskarga:
Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan ELG-007-005 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus
Eskolan Durangon egon zen, baina lehenengo Elgetan, mojetan. Hijas de la Unión Apostólica. Gerraostean etorri ziren, eta gaur egun Kafe Antzokia dagoen tokian zen ikastetxea. Fraideen eskola ere bazen, Marianistena ("Papar zurixak"). Horiek gerrarako joan egin ziren, eta gerraostean, mutikoentzat, eskola nazionala bakarrik geratu zen. Orduan, sei urterekin hasten zen eskolan. Baserritik 45 minutuko bidea zuten; eskolan erdara hutsean, eta beraiek tutik ere ez. Eskolan sartu orduko Cara al Sol abestu behar izaten zen, eta gero errezatu. Baserritik abarkak bustita heltzen ziren, eta kalean aldatzen zituzten oinetakoak; bazkaltzeko ere etxeetan geratzen ziren, herrian bertan. Eskolarako bidea milizianoek gerratean utzitako kapote batzuekin egiten zuten, ez bustitzeko.
- Proiektua: Deba Eskualdeko Ahotsak - Elgeta.
- Elkarrizketatzailea(k): Asier Sarasua Aranberri
- Data: 2005(e)ko urtarrilaren 05a
- Iraupena: 0:05:15
- Erref: ELG-007/005
- Kodifikatzailea: Asier Sarasua Aranberri
- Gaia(k): Politika » Euskara eta politika , Ohiturak eta bizimodua » Hezkuntza » Maisu-maistrak , Ohiturak eta bizimodua » Hezkuntza » Eskola
Transkripzioa
- Eta oin zenden esaten eskola kontuak eta…
- A, bai…
- Eskolarik bazeuan Elgetan? Nun zeuan eskolia?
- Hortxe, zera… oin zera dauan lekuan, Kafe Antzokia dauan lekuan. Guk mojak hor geunkazen. Mojak. Eta gu hor ibili giñan zerian, eskolan, mojekin.
- Eta ze zeuan…?
- Behian… Goixan eren mojak eta behian euan beste eskola txiki bat nazionala. Bi zer eren: han behetik zertu eta gu goittik sartzen giñan. Mojena goixan zan eta bertan euken mojak be bertan, gaiñera, bertan bizi zian.
- Bai?
- Bai. Hiru egoten zian, “Hijas de la unión apostólica”. Bai. Irunguak zian. Irunguak zian horrek, bai.
- Eta horrek noiz etorri ziran Elgetara?
- Horrek etorri zian, ba, bueno… horrek gu etorri aur… zerian, ba, gerriak urten ta laster etorriko… Oi, gerria zertu ta laster etorriko zian horrek. Ze gure aurrekuak be ibilitta eren, ba, honek… oin hirurogeta hemezortzi urte daukezenak eta be mojekin ibilitta eren ta horrek zerian. Horrek, ba, ez dakit nik, urtiak ez dot… ezin neike…
- Baiña gerra aurrian, republikan eta be bai?
- Ez, ez, ez, gero, gero, gero. Atzetik.
- Justo hortxe gerra…
- Bai, gerra atzetik horrek egon zian.
- Eta gerra aurrian? Bazeren… fraillerik edo…?
- Frailliak hemen aurrian. Frailliak, zerak, honek, marianistak, papar-zurixak. Guk papar-zurixak esaten gontsen.
- Paper…?
- Papar… paparra. Holan euken zera. Bai. Marianistak. Orduan marianistak eren.
- Eta nun? Bertan?
- Hamentxe. Hau zerau badao, ba, hori eskola zeroi? Hori Domingo Iturben hori eskola haundixoi? Hortxe. Hortxe bizi zian frailliak. Ta gerra-denporan ta hor egon zian. Edo… harek gerra-denporan hor eren, hor egon zian.
- Eta gero juan?
- Gero harek fan ein zian.
- Zuen sasoian ya [ez zeren]?
- Bai, bai. Gure sasoia baiño lehentxuao juan zian harek zerian, ta gero maisuak egoten zian.
- Nazionalekuak?
- Bai, nazionalekuak, maisuak egoten zian.
- Orduan, mutikuak ya, zuen denporan ya mutikuak ez zeken nazionalera…
- Nazionala, bai, nazionala.
- Neskak monjetara…
- Neskak mojetarata, mutillak nazional… Ta neskak be baeuken behian, baeuken maistra bat nazionala zerian, harek zertzeko.
- Ta orduan zenbat urtekin hasten zan eskolara?
- Sei urtekin gu hasi giñan.
- Sei urtekin?
- Sei urtekin. Karo, basarrittik, hiru ordu-laren [hemendik] gure basarrira. Ta gu sei urtekin… Orduan sei urtekin hasten zan.
- Lehenau ez?
- Ez. Orduan ez, sei urtekin hasten zan.
- Eta akordatzen jatzu lehelengo eguna edo hasi ziñanian?
- Bueno! Bueno! Lehelengo eguna akordau? Ba, zer asko zerian. Eske gu handik basarrittik, ba, etorri giñan horra ta guk ez genk… Gaiñera, erderaz. Ta guk erderaz ez genkiun. Ta dana erderaz. Dotriñia erderaz ikasi giñuan, zer dan-dan-dana erderaz ikasi giñuan guk. Eta mojak erderaz eitten eben, e? Harek euskeraz ez eben eitten berbaik be. Dana erderaz. Bai. Ta lehelengo eskolan sartzen giñanian “Cara al sol” kantau bihar izaten giñuan. Holako Franco-n zer haundi bat genkan ta hari begira jarri ta eskua altzau ta “Cara al sol” kantau bihar izaten giñuan. Eta gero errezau. Eta gero, ba, bakotxak bere zerak eukazen, bankuak geunkazen, eta han bakotxa bere zerekin zerian. Ta neguan ta gogorra ixa… Ta gero bazkaldu, ba, eitten giñuan kalian; hemen, edo Martintxonian edo tiak eukezenak-eta, ba… Ta beste batzuk bazkaixa etxetik ekarten eben. Ta, ba, jaten eben, holan, egoten zian mezetara-ta etorten giñanian be etxiak hartuta eukitzen giñuzen guk aldatzeko, ze busti eitten zan zerian ta oiñetakuak aldatu-ta eitteko, ta batzuk, ba, han jaten eben. Etxetik ekarri ta han jaten eben. Eta guk…
- Orduan, basarrittik zapata batzuekin, oiñetako batzuekin, etorri…
- Abarkekin. Abarkekin. Bai. Ta etxetik urten orduko abarkekin bustitta. Eta guk geunkazen… Bueno, nik… Gu han auzuan neskaik bakarrik nenguan, ta bost mutillekin etorten nitzan ni zerian.
- Ondo zainduta…
- Bai, hoixe ondo zaindduta! Ta zerian, gerra-denporan, milizianuak, soldauak, milizianuak guk esaten gontsen, ta kapak laga zittuen zerak. Kapa haundixak laga zittuen, ba, erretiradia-edo emon otsenian, ba, hortik goittik behera fan zian eta basarrittan laga zittuen kapak. Ta harekin ein oskuezen guri kapak zerian, kapotiak. Bere txanuakin ta, holan eskuak etara eta kapotia. Eta harekin etorten giñan. Orduan ez euan aterkiñik eta ez euan ezebe. Ta dana kalera orduko, ba, bustitta; neguan-ta bustitta etorten giñan. Ta gero, ba, aldatu eitten giñan zerian, abarkak eta danak, eta gero, ba, beste zer batzuk jazten giñuzen.
- Kaleko oiñetakuak?
- Oiñetakuak, bai. Eta nik… hamaika urtera arte ibili nitzan hemen.
Egilea(k): Aintzane Agirrebeña (Badihardugu Euskara Elkartea)
Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?
Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!