Arantza (Nafarroa)

Laminak

Deskarga:

Bideo hau erabili nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta kalitate onean bidaliko dizugu. Ez ahaztu mezuan ARN-026-031 kodeko bideoa nahi duzula aipatzea: ahotsak@ahotsak.eus

« Aurrekoa Hurrengoa »

Transkripzioa

Nire amonaren… ama, eta denbora haietan ez zen… edaririk, ez zen karreterarik. Eta, ekartzen zuten anisa Goizuetatik garrafoi txiki, bueno… barrika txiki bat, gero baserrian paratu garrafoi txiki batean, ekartzen zuten herriko dendara kontrabandoan. Orduan baziren siseroak herrietan. Eta, gure amona hori heldu zen elurra eta horma eta galtzada malda-malda. Eta galtzada hori beheiti, irristaka, zes… zare hori hartu herrestan eta poliki-poliki, eta, maldan. Bertze aldetik eguzkitan, honako neska eder batzuk ilea orrazten, rubia-rubia-rubiak, urrezko bandeja, orraziak, orratzak… denak urrezkoak. Eta, begira, begira. Eta bera harrituta, eta “Zer neska ederrak diren!” eta “Zeinen ongi ari diren orrazten!”. Eta, etorri da, herrira, eta entregatu du bere anis pizar hori, eta, joan da apezarengana. Eta erran dio apezari:
- Badakizu gauza bat miraria… miragarria ikusi dudala?
Eta:
- Bai? Zer ikusi duzu?
Eta:
- Ikusi ditut laminak.
Eta:
- Laminak?
Eta:
- Bai, Arruzpiko maldan laminak. Eguzkitan orrazten ari ziren. Rubia-rubiak eta neska ederrak, bandeja urrezkoa zuten, orraziak ere bai, eta buruko pintzak ere bai, denak urrezkoak zituzten.
Eta:
- Eta zer erran dizute?
Eta:
- Niri ez didate deusik erran.
- A, ez, e! Bueno, bueno. Nik arreglatuko dut asunto hori.
- Bai? Nola?
Sartu da, egun batean, hartu ditu kandela bedeinkatua, liburua eta… ur bedeinkatua, bedeinkatzeko, eta sartu da zulo hartan eta horrek bazuen irteera azpiz azpi goiko mendi kasko batera. Eta, apez hori sartu da gauaz haiek konjuratu behar dituela. Bazihoan, taka-taka-taka, eta bidean atera zaizkio eta erran diote:
- Hobe duk daramazkian erremintak eramatea, gainerakoan ez haiz hemendik aterako.
Apeza ikaratu eta handik atera eta ondoko egunean hil omen zen.

Egilea(k):

Euskal Herriko Ahotsak proiektua babestu nahi?

Ahotsak diruz lagundu nahi baduzu, egin zure dohaintza txikia. Mila esker!

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia