Zumaiako hitanoa landu eta bultzatzeko proiektua martxan da

2010ko mar. 5a, 13:06

Zumaiako Udalak hitanoa sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu du Mintzola fundazioarekin.

Atzo, martxoak 4, aurkeztu zuten proposamena jendaurrean eta elkarlanerako akordioa sinatu zuten Udalak eta Mintzolak. Bertan izan ziren Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea, Josune Herrarte Euskara teknikaria, Josune Zabala Mintzolako zuzendaria, Uxua Sorazu irakaslea eta Mª Jesus Aranburu Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua.

Azken urteotan Zumaian ahozko ondarea biltzen ahalegin handia egin da: Zumaiako hizkera edo herriko toponimia jasotzen adibidez. Hitanoari dagokionez, berriz, aspalditik iristen ari omen zaizkio Udalari herritarren oharrak eta kexak: oker erabiltzen dela, batetik; eta emakumeen artean erabilera galtzen ari dela, bestetik.

Horri erantzun nahian osatu dute orain proposamena, eta herriko ikastetxeekin lankidetzan emango dituzte aurreneko urratsak. Hala, LH 5. eta 6. mailan eta DBHko 1. eta 2. mailetarako unitate didaktikoak landuko dituztela zehaztu dute.

Proiektu honen barruan erabiliko da, besteak beste, Ahotsak.com-ek bildutako materiala ere.

Aurretik lan haundia dagoen arren, Zumaiako esperientzia beste herrientzako eredu izango dela espero dute guztiek.

Zumaiako Hitanoa Ahotsak.com-en

 

Argazkia: zumaia.net

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia