Zumaiako euskara aztertzeko beka
2006ko abe. 20a, 08:18
Zumaiako udalak jakinarazi duenez, herriko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko beka eman dute. Aintzane Agirrebeña, Miren Zabaleta, Asier Sarasua eta Belen Maiz izango dira arduradunak.
Zumaiako udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez:
Udalak herriko hizkera aztertzeko beka-deialdi bat egin zuen duela zenbait hilabete eta azaroaren 15ean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea. Lan edo proiektu bakarra jaso zen, honako taldeak aurkeztutakoa: Asier Sarasua, Belen Maiz, Aintzane Agirrebeña eta Miren Zabaleta.
Epaimahaia, EHUko bi irakaslez eta udaleko teknikari eta ordezkariez osatutakoa, joan den astean elkartu zen eta oniritzia eman zion talde horrek egindako proposamenari. Beraz, Asier Sarasuak zuzentzen duen taldeak urtebeteko epea izango du Zumaiako euskara aztertu eta ahozko tradizioari buruzko ikerketa egiteko.
Epaimahaiak oso ondo baloratu du proposamena, batez ere ahozko ondarea gordetzeko oso euskarri baliagarria proposatzen duelako: bideoz egindako elkarrizketak. Horrela, herritarren hizkera aztertzeko aukera izateaz gain, azterketa etnografikoak egin ahal izateko material oso egokia biltzeko modua egongo da 2007an eta behar bezala sailkatuta egongo da beste gauza batzuetarako ere erabilgarri.
Asier Sarasuak eta gainerako taldekideek esperientzia zabala dute horrelako azterketak egiten eta antzeko lanak eginak dituzte Getarian, Zarautzen, Eibarren, Beasainen eta beste herri batzuetan. Bi zarauztarrek eta beste bi eibartarrek osatzen dute taldea, baina kideetako bat (Belen Maiz) Zumaian aritzen da lanean.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.