"Zumaia eleaniztuna" dokumentala, sarean ikusgai
2017ko mar. 2a, 09:32
Atzo aurkeztu genuen dokumentala, Zumaiako Alondegian. Herritar ugari hurbildu zen hitzaldi-emanaldira, eta proiektuak oso harrera beroa izan zuen.
Arratsaldeko 18:30ean, atzo. Eguraldi bikaina zegoen paseatzeko. Hala ere, Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan aurreikusitakoa baino aulki gehiago jarri behar izan zituzten. Zumaian hitz egiten diren hizkuntzak ziren arretagunea. Hurbilekoa bezain ezezaguna dugun aniztasun hori. Proiektuaren nondik norakoak ezagutzearekin batera, "Zumaia eleaniztuna" dokumental laburra ikusteko aukera egon zen. Eta txalo zaparrada batekin hartu zuten bertaratutakoek. Hunkituta ere bazeuden batzuk.
Hainbat herritar joan zen emanaldira, horien artean dokumentalerako elkarrizketatutako 27 lagunetako dezente. Eta oso giro polita sortu zen. Dokumentala ikusi ondoren, iritzi trukerako tarte bat ere izan genuen, oso ederra. Besteak beste esan zuten lan honek elkarren berri izateko ere balio izan diela. Hementxe duzue "Zumaia eleaniztuna" ikusgai:
Zumaiako Udaleko Euskara eta Aniztasuna sailetako teknikariek, Josune Herrartek eta Karmele Gomezek, egin zuten sarrerako hitzalditxoa. Udalak antolatu baitzuen hitzaldia, eta proiektua bultzatu ere bai. Gero, Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak hartu zuen hitza, eta Zumaiako elkarrizketen nondik norakoak azaldu zituen. Lehenengo, Badihardugu euskara elkartearen eta Ahotsak.eus proiektuaren berri eman zuen, eta ondoren 101 L proiektua izan zuen hizpide. Zumaiako elkarrizketak 101 L proiektuaren parte baitira. Etxeberriaren arabera, "oso esperientzia ederra eta aberasgarria" izan da Zumaiako hizkuntzak jasotzea. "Oporretara goazenean begiak zabal-zabalik egoten gara: zer ikusiko, nor ezagutuko... egunerokoan, berriz, beste begirada bat izaten dugu. Nor bere zereginetan murgilduta dago, inguruan duenari gehiegi erreparatu gabe. Espero dut lantxo honek horretarako balio izatea, begiak pixka bat zabaltzeko".
101 L proiektua Euskal Herriko hizkuntzak jaso eta ezagutarazteko sortu zen, 2015eko maiatzean. Orduz geroztik 190 elkarrizketa egin, eta 99 hizkuntza jaso ditugu. Gehienak Donostian, hantxe hasi zelako proiektua. Zumaian 27 elkarrizketa egin genituen, 2016ko urrian eta azaroan. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzaile guztiei. Baita kontaktuak egiten lagundu dutenei ere. Mila esker!
Dokumentalean jasotakoaren lagin bat agertzen da. 101 L proiekturako egindako elkarrizketak 101 L webgunean ikus daitezke. Lan handia egin dugu grabazioak minutuz minutu entzun, pasarte onak identifikatu, laburpenak egin eta sarean jartzen. Dokumentala ikusita, elkarrizketatuek zer gehiago kontatu duten jakin nahi baduzue, badakizue nora jo. On egin!
Zumaiako hizkuntzekin lotutako albiste gehiago:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.