Zuberoan adinekoen ahotsak jasotzen gabiltza

2014ko urr. 10a, 14:19

18 pertsona elkarrizketatu ditugu Zuberoan, Ahotsak.com proiekturako. Ipar Euskal Herriko elkarrizketa kopurua gora doa pixkanaka. 

Bi urte pasatxo daramatzagu Zuberoan elkarrizketak egiten. Argitxu Camus historialariak dihardu langintza horretan. Dagoeneko adineko 18 pertsona elkarrizketatu ditu, eta grabazioak egiten jarraitzeko asmoa dauka.

Argitxu Camus zuberotarra da, oniztarra. Eta badu eskarmentua elkarrizketak egiten: euskal diaspora ikertzen ibili zen, AEBetan. Orain, Zuberoako euskara jasotzen ari da, www.ahotsak.com proiekturako bertako aitona-amonak elkarrizketatzen. Euskara adinekoen artean bizi-bizirik dago Zuberoan. 65 urtetik gorako lautik hiruk badakite euskaraz. Hala esan zuen Camusek berak ETB-1eko “Tribuaren berbak” saioan.

Zuberoako hauek ez dira Iparraldean egin ditugun elkarrizketa bakarrak. Nafarroa Beherean Ainize Madariaga dabil elkarrizketak egiten. Lapurdin Joseba Erramundeguy ibili da lan horretan puntura arte. Xan Airek ere elkarrizketa andana egin zuen Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Alex Artzelus filologia ikaslea, berriz, Zuberoan ibili zen elkarrizketak egiten; grabazio horiek ere ahotsak.com-en ditugu jasota. Hala ere, oraindik elkarrizketarik gabeko herri dezente daude Iparraldean. Eta egindako grabazio gehienak landu gabe daude: momentuz ezin dira bideoak sarean ikusi.

Ahotsak proiektuaren helburua tokian tokiko euskara eta historia jasotzea da. Euskal Herri osoan. Eta jasotakoa denen esku jartzea, www.ahotsak.com webgunean. Horretarako, adineko euskaldunak elkarrizketatzen ditugu. Gure proiektua Gipuzkoan hasi zenez, Hegoaldean Iparraldean baino elkarrizketa gehiago egin ditugu. Hori bai, Iparraldean ere beti saiatu gara bertako elkarrizketatzaileak topatzen, eta haiek lanean jartzen. Boluntarioen laguntza ere ezinbestekoa izaten da, gure proiektua lankidetzan oinarrituta baitago. Guztion artean jaso eta zabalduko ditugu Iparraldeko ahotsak.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia