Zornotzako ahotsak proiektua aurkeztu dugu

2014ko urr. 17a, 10:40

Zornotzako ahotsak proiektuaren aurkezpena egin genuen herenegun. Proiektuan parte hartu dutenei eskerrak emateko ekitalditxoa izan zen: herritarrak Zelaieta zentroko auditoriora gonbidatu eta grabazioen kopia bana eman zieten. Ilusio handiz hartu zuten. Ekitaldirako prestatutako bideoa ere ikusgai duzue.

Asteazken arratsaldean izan zen aurkezpen eta omenaldi ekitaldia, Zornotzako Zelaieta zentroan. Hantxe elkartu ziren, herriko alkate jauna, Ahotsak.com proiektuko ordezkaria, elkarrizketetan laguntzaile izan genituenak eta Zornotzako elkarrizketetan parte hartu duten herritar batzuk eta hauen hurbilekoak. Azken urteotan 34 herritar elkarrizketatu ditugu herrian eta beste 100 herritarren lekukotasunak ere berreskuratu ditugu grabazio zaharren bitartez. Denak daude Ahotsak.com atarian katalogatuta. Bertaratutakoei eskerrak eman, eta egindako lana aurkeztu genuen.

Labur-labur Euskal Herri mailakoa den proiektu honi buruzko azalpen orokorrak eman ostean, Zornotzako grabazioekin egindako laburpen-bideo bat erakutsi zen, eta proiektuan parte hartu duen lekukoei edo haien senitartekoei bere elkarrizketen DVDa eta diploma txiki bat eman zitzaizkien. Ondoren, talde-argazkia atera eta kopautxoaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Komunikabideetan argitaratutako informazioa: Anboto aldizkarian eta Elcorreo egunkarian.

Argazkia: Anboto aldizkaritik jasoa.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia