Zestoako ahotsak proiektuaren aurkezpena

2010ko mai. 28a, 14:49

Joan zen ostiralean, maiatzaren 21ean, aurkeztu zen Zestoako ahotsak, zestoarren ahozko ondarea eta historia biltzen duen proiektua. Proiektuko partaide izan diren Badihardugu Euskara Elkarteak eta Zestoako udalak proiektuan parte hartu duten hizlariak eskertu eta omendu nahi izan zituzten.

2007an hasi zuten elkarlana Badihardugu Euskara Elkarteak eta Zestoako udalak, Zestoako ahotsak izeneko proiektua martxan jartzeko. Alde batetik, herrian lehendik eginda zeuden grabazioak digitalizatu eta ahotsak.com webgunean txertatzea izan da proiektu honen helburua; eta, horrekin batera, herriko lekuko interesgarrienei elkarrizketa berriak egin zaizkie bideoz. Grabazio zaharrei dagokienez, iturri desberdinetatik jasotako elkarrizketak gehitu dira proiektuan, baina iturri nagusiak honakoak izan dira: Agurtzane Azpeitia zestoarrak Zestoarren erretolika lanerako egindako elkarrizketak eta Danbolin herri aldizkarirako egindakoak.

Bildutako guztia ahotsak.com/zestoa orrialdean ikus daiteke. Hauxe da bertan aurki daitekeen informazioa:

  • Hizlariak: 33
  • Zintak: 48
  • Pasarteak: 544
  • Transkribatutako pasarteak: 53
  • Audio/bideo pasarteak: 115

Lekukoez gain, beste hainbat herritar ere bildu ziren joan zen ostiralean Zestoako udaleko pleno aretoan egin zen aurkezpenean. Lehenbizi, Alazne Olaizola alkateak proiektuaren garrantziaz hitz egin zuen eta euren ondarea eta bizipenak herriaren esku uzteagatik eskerrak eman zizkien proiektuan parte hartu duten aiton-amonei. Ondoren, Aintzane Agirrebeña ahotsak.com-eko koordinatzaileak proiektuaren inguruko zenbait azalpen eman zituen eta Nora Palmitano udaleko euskara teknikariarekin batera herri desberdinetako bideoak jarri zituzten, bertaratu zirenek bakoitza nongoa zen asma zezaten. Zestoako hizlariez gain, Azkoitikoak, Zumaiakoak, Ordiziakoak, Mutrikukoak edo baita Barkoxekoak ere entzun ahal izan ziren, eta giro polita sortu zen. Bukaeran, mokadutxo bat egiten zuten bitartean, proiektuan parte hartu duten guztiek diploma bana jaso zuten, euren grabazioaren kopiarekin batera.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia