“Zarauztar aitona-amonen hizkera” sarean dagoeneko
2010ko mar. 17a, 09:15
"Zarauztar aitona-amonen hizkera" 1987ko egitasmoaren materiala berreskuratu eta landu dugu ahotsak.com proiekturako: zintak digitalizatu, kodifikatu, eta 1987an egindako transkripzioak sareratu ditugu; soinu-artxiboak ere laster egongo dira entzungai.
1987an, Zarauzko udalak “Zarauztar aitona-amonen hizkera” egitasmoa bultzatu zuen; eta haren bidez, Zarauzko ikastetxeetako ikasleek hainbat grabazio egin zizkioten Zarauzko adineko jendeari. Orain, orduko materiala berreskuratu eta landu egin dugu ahotsak.com proiekturako: zintak digitalizatu, kodifikatu, eta 1987an egindako transkripzioak sareratu ditugu; soinu-artxiboak ere laster egongo dira entzungai.
Material horri esker, Zarauzko euskara eta historiari buruzko ikuspegi zabalagoa eta aberatsagoa izan dezakegu, XX. mende hasieran jaiotako pertsonen testigantza jasotzen baita bertan. Zarautzera, garai batean, aristokrazia etortzen zen uda pasatzera, besteak beste, Elisabet II.a, Alfontso XIII.a edo Belgikako Balduin. “Zarauztar aitona-amonen hizkera” proiektuko hizlariek garai hartako kontuak eta pasadizoak kontatzen dizkigute.
Proiektu honez gain, Zarautzen beste zenbait proiektu ere egin dira, eta guztira 81 hizlari, 85 zinta, 1.147 pasarte (haietatik 398 transkribatuta) eta 277 bideo ditugu.
Hemen horietako bat, adibiderako:
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.