Zarauzko Appa Hi! aplikazioa aurkeztu dugu

2026ko aza. 27a, 17:16

Zarauzko Udalaren eskariz, Appa hi! aplikazioaren Zarauzko atala prestatu du Badihardugu euskara elkarteak. Gaur egin dugu atal berriaren aurkezpena Zarauzko Etxezabalan; Irune Urbieta zinegotziak eta Aintzane Agirrebeña Badiharduguko kideak eman dituzte aplikazioaren inguruko azalpenak.

Badihardugu euskara elkarteak 2021ean aurkeztu zuen CodeSyntax-ekin elkarlanean sortutako Appa Hi! aplikazioa. Mugikorretarako sortutako aplikazioa da, eta bost astean hika ikasteko aukera ematen du. Aplikazioa Oñatirako sortu bazen ere, geroztik hainbat herritako atalak gehitu zaizkio, euskara batukoaz gain. Orain, Zarauzko bertsioa prestatu du Badiharduguk, Zarauzko Udalaren eskariz. Gaur egin dute modulu berriaren aurkezpena Zarauzko Udaleko Irune Urbieta zinegotziak eta Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñak Zarauzko Etxezabalan.

Irune Urbieta zinegotziak Zarauzko Udalak eta Badiharduguk aplikazioa sortzeko izan duten elkarlanaren berri eman du, eta aplikazioaren abiapuntua 2007an kaleratutako Zarautz hizketan lanean bildutako adizkiak izan direla esan du. Hala ere, aditz-formak aukeratzeko orduan zalantzak ere izan direla nabarmendu du, eta ezinbestekoa izan dela herriko lantalde baten laguntza erabakiak hartzeko orduan. Aintzane Agirrebeña Badiharduguko kideak, berriz, aplikazioaren inguruko xehetasunak eman ditu eta nola erabili azaldu du. Horrez gain, Zarauzko atalean gehitu den material osagarriaren ezaugarriak ere eman ditu: Mirari Sagarzazuk egindako marrazkiak eta aplikaziorako prestatutako bideo laburrak. Ikusi, adibiderako, Ahotsak.eus-eko testigantzetatik ateratako zatiekin osatutako bideo hau: 

Edo Zarauzko Alproja antzerki taldearen antzezlan batetik ateratako pasarte hau:

Azken urteetan hainbat jarduera antolatu dira Zarautzen hitanoa bultzatzeko: noka ikastaroak Emakumeen Etxean, Zarauzko hitanoaren inguruko hitzaldia, irratsaio bereziak, Zarauzko Euskaraldia Batzordeak sustatutako Hikaldia (bertan parte hartu zuten Euskaraldian izena eman zuten zarauztarren erdiek)…  eta azken-azkena, Esnatu dinamikan, herriko hainbat elkartek beren elkartean hitanoa sustatzeko konpromisoak hartu izana. Hori ikusita, eta Appa Hi! Zarauzko hitanoa ikasteko edo praktikatzeko gogoa duten herritarrentzat tresna baliagarria dela iritzita, Zarauzko Udalak urrats bat gehiago eman nahi du eta herriko hainbat eragilerekin (ikastetxeekin, euskaltegiekin, Emakumeen Etxearekin…) zabalkundea nola egin adostu. Zabalkundeari hasiera emateko, Euskara Departamentuak Appa Hi lehiaketa antolatu du datorren asterako, Euskararen Egunean hasita abenduaren 8ra bitartean. 

Argazkietan, Irune Urbieta Zarauzko Udaleko euskara zinegotzia eta Aintzane Agirrebeña Badiharduguko kidea Zarauzko Appa hi! aplikazioaren aurkezpenean. (Iturria: Zarauzko Udala)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia