Zarauzko ahozko ondarea eta hizkera jasotzeko proiektua martxan

2004ko urr. 22a, 09:29

Orain dala pare bat hilabete esan genduan Zarauzko udalak beka deialdi bat egin zebala, herriko ahozko ondarea eta hizkera (Zarauzko euskara) jasotzeko. Joan zan astian egin da prentsaurrekoa. Aukeratutako proiektua hasi da lanian. Badihardugu Elkarteko kide batzuk be hartzen dabe parte bilketan.

Zarauzko euskarari buruzko ikerketa dagoeneko martxan da. Udalak beka-deialdia otsailean egin zuen eta epaimahaiak aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, ikerketa lana Belen Maiz, Asier Sarasua, Miren Zabaleta, Fernando Muniozguren eta Aintzane Agirrebeñak osatutako taldeari esleitzea erabaki du.

Epaimahaia, Udaleko euskera batzordeburua eta teknikariaz gain, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Jesus Mari Makazagak osatu dute, azken bi hauek Euskal Filologiako irakasle eta honelako lanetan adituak direnak. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du talde honek aurkeztutako proposamenaren aurrean, proiektua oso egokitzat joaz eta taldea eskarmendtu handikoa dela aipatuz.

Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, ikerketa lana euskaraz egingo da eta originala izan beharko du, bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanik. Lana egiteko, 12 hilabeteko epea izango dute ikerketa burutzeko.

Lanaren edukiari dagokionez, Zarauzko ahozko euskara, aditza (hitanoa barne), deklinabidea, fonetika, hiztegia, esamoldeak eta esaera zaharrak jaso beharko dira gutxienez eta bertako euskaraz idatzitako testu edo dokumentuen inbentarioa edo zerrenda ere egin beharko da.

Beste herri batzuetan antzerako lanak egin izan dira, "baina guk lan sendo bat nahi dugu burutu. Arro eta gustora gaude zein taldeei eman zaion beka", adierazi zuen Imanol Lasak, Euskara departamenduko zinegotziak, pasa den ostiralean, taldearen aurkezpenean.

Ekitaldi berean taldeko partaideek lanaren metodologia eman zuten ezagutzera. Belen Maiz-ek jakitera eman zuenez, proiektuaren helburu eta asmo nagusiak Zarautz inguruko ahozko ondarea jasotzea, galzorian dagoen ondorea jasotzea izango da. "Hizkerari eta baita kultur ondareari dagokionez, Zarautzen aldaketa asko eman dira alderdi linguistikotik eta baita alderdi etnologikotik. Generazio berriek oso gutxi dakite gure aitona-amonen bizitzaz, hizkeraz... Jendeak erabiltzeko lan bat egingo dugu, ez armarioan gordeta edukitzeko".

Metodologiari dagokionez, lau urratsetan banatuko dutela lana adierazi zuen Asier Serranok. Aurrelan moduan, orainarte egindakoa jaso. Horrekin batera, bibliografia aztertu eta galdetegi bat osatu. Dena den, garrantzi-tsuena kontaktoak egitea izango zaie. "Aukeraketa egokia egitea funtzeskoa zaigu. Gure asmoa 100 zarauztar ingururekin hitzegitea litzateke", aurreratu zuen irakasle honek. Elkarrizketetan aspaldiko kontuak eta bertako euskera jaso eta ondoren hori katalogatu, sailkatu, digitalizatu eta azken finean jasotako guztia nolabait antolatzea eta jendeari ezagutaraztea izango dute helburu. "Gure asmoa ez da publikazio huts bat egitea, jaso eta modu antolatu batean uztea, erabiliera emateko".

Muniozguren-ek, Udalari eskerrak eman zizkion eta aldi berean deia luzatu zuen, alegia, he-rrian norbaitek ekarpenen bat egiteko gai dela ikusten badu. "Gu irekita gaude. Euskara zerbitzura deitu 943.005116 telefonora edo euskaraz@zarautz.org."

Garbi dagoena zera da, honelako azterketa lanak orain egin behar direla. Hemendik urte batzuetara berandu izan daiteke.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia