Zaraitzuko grabazio interesgarri bat jaso dugu
2013ko abe. 20a, 10:43
Jaurrietako (Zaraitzu) Rafael Krutxagaren grabazioa jaso genuen duela hilabete inguru. Aitzol Asurmendi zegamarrak egin zion elkarrizketa 1988an eta Beñat Garmendiak helarazi digu. Milesker biei!
Benetan grabazio interesgarria da jaso berri dugun hau, Zaraitzuko euskararen azken hiztunetako bat baitzen Rafael Krutxaga. 1901ean jaio zen Rafael eta gurasoak ere Jaurrietakoak omen zituen. Grabazioan adierazten duen moduan, baserriko lanetan aritu zen umetatik, amak bera hartu zuelako "etxerako". Artzain ere ibili omen zen eta baita basoan ere, zuhaitzak botatzen, Donibane Lohizune inguruan. Ordubete inguruko grabazio honetan hainbat kontu kontatzen ditu Rafaelek eta Zaraitzuko euskararen eredu paregabea ematen digu.
Dena dela, Rafaelena ez da Jaurrietan katalogatuta dugun grabazio bakarra. Aitor Elortza eibartarrak ere berak egindako hainbat grabazio helarazi zizkigun eta berak elkarrizketatutako Salbador Karrika eta Jabiera Urralburu ere aurki daitezke Ahotsak.com-en, Jaurrietari dagokion orrian. Gainera, bi hiztun hauen pasarteak entzun ere egin daitezke, nahiz eta kalitatea ez den batere ona. Hona hemen, adibiderako, pasarte bat:
Zaraitzun guztira sei hiztun ditugu katalogatuta, Otsagabian, Ezkarozen eta Espartza-Zaraitzun ere hiztun bana aurki baitaitezke. Otsagabiako Teofilo Eseberrik pasarte honetan kontatzen du seme-alabek ez dutela ikasi euskaraz eta bilobek euskara batua ikasi dutela; pena ematen diola euskara galdu izanak aitortzen du:
Sarreran esan bezala, eskerrak eman behar dizkiegu Jaurrietako Rafael Krutxagaren grabazio hau utzi digun Beñat Garmendiari eta grabazioa egin zuen Aitzol Asurmendiri, halako harribitxia helaraztearren. Baina, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu bi hauen edo Aitor Elortzaren antzera euren grabazioak utzi dizkiguten herritar guztiei. Mila-mila esker!, zuei esker egiten baita Ahotsak.com.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.