Zabalik dago II. Hika Topaketan izena emateko epea
2025ko urr. 6a, 14:25
Azaroaren 8an II. Hika Topaketa ospatuko da Markina-Xemeinen. ZirHika taldeak antolatu du, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean. Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Hika eragilea baldin bahaiz, etor hadi!
ZirHika taldeak, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean, Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu du azaroaren 8rako Markina-Xemeinen. Topaketaren helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, elkarrekin hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Izen-ematea zabalik dago honezkero eta Euskal Herri osoko hika eragileak animatu nahi dituzte topaketan parte hartzera.
Oñatin egin zen I. Hika Topaketa 2023an, eta hika eragileek elkar ezagutzeko abiapuntua izan zen. Hain zuzen ere, topaketa horren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarren topaketa hau bideratu duena.
Egun osoko egitaraua prestatu dute azaroaren 8rako. Goizean hitzaldiak egongo dira, esperientzia desberdinak ezagutzeko, eta arratsaldean lan-mahaiak, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko. Lan topaketa izango denez, partaide kopurua mugatu egin behar izan dute. Hala ere, 80 lagun inguru elkartzea da asmoa, hitanoa bultzatzen ari diren eragileak guztiak ere: euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, euskara teknikariak, ikerlariak... Arratsaldeko talde dinamika Farapi kooperatibako kideek gidatuko dute.
Topaketa amaitu ostean, 18:30ean, hika bertso saioa egongo da Markina-Xemeingo Kontzejupean, lau bertsolarirekin: Julio Soto, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Eneritz Artetxe. Saioa doan izango da eta herritar guztientzat irekita dago.
Topaketaren aurreko egunetan, berriz, hitanoaren inguruko hitzaldia emango dute Koldo Zuazok eta Garbiñe Idoetak Etxebarrian. Azaroaren 2an izango da eta hori ere herritar guztiei eskainia.

Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.





