Mexikoko Yucatango aktibista maiak Ahotsak proiektua ezagutzera
2024ko eka. 14a, 11:21
Ekainaren lehen hamabostaldian Mexikoko Yucatango 12 aktibista maia etorri dira Euskal Herrira euskararen biziberritzearen esperientzia bertatik bertara ezagutzera, Garabide Elkarteak bideratuta. Egonaldiak iraun duen bitartean, hainbat proiektu eta elkarte ezagutzeko aukera izan dute. Corpusa lantzen ari den lantaldea, grabazioak egiten ari da Yucatango penintsulan zehar. Ahotsak proiektuaren esperientzia partekatu dugu haiekin.
Garabide Elkartea hizkuntza lankidetzan aritzen den Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Euskal Herrian azken 50-60 urteotan euskararen biziberritzearekin pilatu dugun esperientzia partekatzen dute munduko beste komunitate batzuekin proiektuen bitartez, bai Euskal Herrian egonaldiak eginez eta baita tokian tokiko komunitateetara joanda ere. Komunitate horietako hizkuntza aktibistak euren hizkuntza biziberritzeko prozesuan daude, eta Euskal Herria erreferentzia bezala izatea oso garrantzitsua da.
Hainbat lekutako aktibistak etorri izan dira urtero Euskal Herriko esperientzia ezagutzera; oraingoan Mexikoko maien txanda izan da. Ekaineko lehen hamabostaldian zehar hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan dute Yucatandik etorritako 12 kideek, eta atzo Badihardugu Elkartearen egoitzan izan ziren, Euskal Herriko Ahotsak proiektua ezagutzen. Beraientzat ez ezik, guretzat ere oso aberasgarria da beste herrialdeetako esperientziak ezagutzea eta haien iritziak jasotzea. Atzoko topaketak esperientziak partekatzeko balio izan zuen eta benetan eskertuta gaude bai Garabide Elkarteari eta baita bisitan etorri ziren Yucatango lagunei ere. Larunbatean itzuliko dira Mexikora. Bidaia on!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.