Urrats berri bat emanez, Wikipediara jauzia

2014ko urt. 30a, 09:35

Ahotsak proiektua guztiona da, denen eskura dago. Euskal Herriko ahozko ondarea eta ondare historikoa biltzen dihardugu, eta urrats berri bat eman nahi izan dugu kultura librearen aldeko jardunean: Ahotsak proiektuko ondaretik lagin jakinak hautatu, Wikipedia euskal entziklopedia librerako egokitu eta bertan txertatzeari ekin diogu.

Kultura librean sinesten dugu. Euskal Herriko ondarea guztiona da eta uste dugu diru publikotik eratorritako laguntzei eskerrak gauzatzen diren proiektuak herritar guztien eskura jarri behar direla. 

Ahotsak proiektu irekia da eta edonork har dezake parte: webgunean ekarpenak eginez, materiala lantzen lagunduz, partekatuz eta abar. Erabiltzen dugun lizentzia librea da, material oro cc-by-sa lizentziapean banatzen baitugu (Aitortu, Partekatu baimen berberarekin).

Ahotsak egitasmoa egunez egun handitzen doan artxiboa da eta Wikipedia entziklopedia askean tokia izan dezakeela iruditu zaigu. Beraz, webgunean jasota ditugun bideoak egokitu eta Wikipedian txertatzeko lanetan hasi gara, pixkanaka.

Lehenengo emaitzak ikusgai daude dagoeneko. Esate baterako, duela gutxi sortutako Hainbat herriren laburpen bideoak, Eibar, Elgoibar eta Zestoa  herriei dagozkien Wikipediako fitxetan txertatutakoak. Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi euskal idazle eta hizkuntzalariak Wikipedian duen sarrerari Ahotsak.com-era jasotako pasarte baten bideoa gaineratu diogu. Euskalkiei buruzko sarrera ere, iaz hainbat pasarterekin osatutako bideo batekin jantzi dugu, besteak beste.

Eibarko ahozko ondarea:

Txillardegi: unibertsitatearen hasiera eta militantzia politikoaren hastapenak. 

Aurki, Ahotsak proiektuaren baitan elkarrizketatutako pertsona “ezagun” gehiagori buruzko laburpen bideoak sortu eta sareratuko ditugu, Wikipediako sarrerak osatzen segi asmoz.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia