Txillardegi gogoan, haren esanak sarean

2012ko urt. 19a, 17:19

Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" idazle, hizkuntzalari eta politikaria herenegun eguerdian hil zen, Donostian. Haren testigantza jasotzeko aukera izan genuen Ahotsak-en duela urte bi, eta denon eskura dago sarean.

Pentsalari handia zen Txillardegi, ekintzailea eta kritikoa, hainbat jakintza arlo jorratu zituena. Erreferentzia ukaezina euskal kulturan eta politikagintzan. Haren bizitza oparoko zertzelada batzuk jaso genituen guk. Grabaketa xumea da, Donostiako Ahotsak proiektuan egindako lehenengoetako bat, baina altxor txiki bat begitantzen zaigu orain.

Antiguatarra izaki, auzoari buruzko hainbat kontu kontatu zizkigun, bere ume sasoiko ibilerak eta giroa. Piano ikasketak egin nahi zituen, baina aitari men egin, eta Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon. Hantxe piztu zitzaion politikarako harra. Baita euskara ikasteko grina ere. ETAren sorrera, erbestean igarotako sasoia, bere lehen literatur lanak... orduan azaldutakoak gaur ere entzun ditzakegu. Eta ahozko ondarea jasotzea zein garrantzitsua den erakusten digu.


Bilbora ikastera; politikarako harra piztu zitzaion
Euskara ikasten nolatan hasi zen
"Leturiaren egunkari ezkutua" liburua

Pasarte gehiago ikusteko aukera ere badago.

Txillardegiri buruz gehiago jakiteko, ikus Wikipedia. Bere pentsakera ezagutzeko, Euskal Herria helburu liburua aproposa da (Txalaparta, 1995; Euskal Herria en el horizonte, 1997). Hainbat komunikabidetan eman dute bere bizitzaren eta heriotzaren berri, besteak beste Berrian, Argian, Garan, Eitbn eta Sustatun.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia